
Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak suteen aurkako segurtasunaren arloan urrats garrantzitsua egin du: Kanadako araudiaren araberako saiakuntzak egiteko akreditazioa eskuratu du. Orain arte, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko arauak betetzen zituen laborategi gisa, eta Kanadakoa gehituta, gaur egun hiru araudi zorrotz horietara egokitutako Europako laborategi bakarra da.
Akreditazio berriak aukera ematen du Kanadan erabil daitezkeen fatxada-sistemak ebaluatzeko, altuera handiko eraikinetan suteen aurrean duten portaera erreala aztertuta. Saiakuntzetan sute baten hedapena simulatzen da, eta, hala, ebaluatu egiten da nola hedatzen den sua fatxadatik, nolako beroa sortzen den eta zein arrisku sortzen diren sua eraikin barrura sartzeko.
Azpeitian 2018an martxan jarritako laborategi espezializatuan garatzen dira proba horiek. Ordutik, 75 saiakuntza baino gehiago egin dira hogeita bi enpresa desberdinekin. “Saiakuntza horiei esker, enpresek beren produktuak merkaturatzeko beharrezkoak diren ebaluazioak lor ditzakete, eta nazioarteko arauak betetzea errazten die”, azaldu dute Tecnaliako ordezkariek.
Laborategian hiru lan-ildo lantzen dira: suteen aurkako prestazioak karakterizatzea araudien arabera, nazioarteko akreditazioak dituzten txostenak lortzea eta berrikuntza teknologikoaren bideragarritasuna frogatzea. Horrela, enpresek segurtasun irizpide zorrotzak betetzen dituzten produktu berriak garatu eta azkar merkaturatu ditzakete.