
Mugikortasunerako osagaiak fabrikatzen dituen Teknia multinazionalak hurrengo hiru urteetarako plan estrategikoa aurkeztu du gaur, eta 2025erako 600 milioi euro fakturatzea aurreikusi dute, hau da, 2022an baino %60 gehiago. Era berean, errentagarritasuna hobetzea ere espero dute, salmentekiko EBITDAren aldea %13an areagotuz.
Honela, 2025ean, EBITDA iazko zenbatekoarekin alderatuz %85 haziko dela aurreikusi du taldeak, 40 milioi eurotik 75 milioi euroko zifrara ailegatuz.
Plan estrategiko berriak Zaldibarren sortutako enpresa “hazkundearen bidetik” bideratzea du helburu. Hainbat helburu ekonomikoez gain, planak digitalizazioa eta datuen erabileraren bitartez jardueraren optimizazioa, kostuen doikuntza eta fokua “negozio errentagarrienetan” ipintzea ditu ardatz.
Horren harira, inbertsio gehiago egitea ere espero du Tekniak datozen urteotan, taldearen hazkunde “organiko eta jasangarria” erdiesteko. Javier Quesada de Luis zuzendari nagusiak azaldu duenez, plan estrategiko berria giltzarri izango da enpresak aurrera egin dezan, baita “modu jasangarrian” hazteko ere. “Oinarri egonkor eta errentagarriaren bitartez hazten jarraitzeko prest gaude, gure bezeroak babestuz betiere”, adierazi du.