Tekniker zentro teknologikoak 35,2 milioi euroko diru-sarrerekin itxi zuen 2025. urtea, bere historiako zifrarik altuena, aurreko urtearekin alderatuta %5eko hazkundea izan ondoren. Zentro teknologikoak azaldu duenaren arabera, emaitza hori bat dator 2025-2028 Plan Estrategikoaren garapenaren lehen urtearekin, eta datuek enpresetarako teknologia-transferentziaren garrantzia islatzen dute.
Zentroaren diru-sarreren ia erdia (%49) konpainiek zuzenean kontratatutako I+G proiektuetatik eskuratu zen. Urte osoan zehar, Teknikerrek 207 industria-proiektu garatu zituen 191 erakunderekin batera, eta “lankidetza egonkorrak” izan zituen 30 erakunderekin; gainera, horien erdiak EAEko enpresa txiki eta ertainak izan ziren. Diru-sarreren gainerako %51ren jatorria finantzaketa publikoa izan zen, batez ere Eusko Jaurlaritzarena eta Europar Batasuneko programena. Teknikerren jarduera zientifiko eta teknologikoaren %95 baino gehiago osasunaren, sektore aeroespazialaren, fabrikazio aurreratuaren, erregai berriztagarrien, energia-biltegiratzearen eta automobilgintzaren esparruetakoa izan zen.
Zentroko langile-kopurua ere handitu zen: %5,6ko hazkundearekin, 320 enplegatu izatera iritsi zen erakundea. Horien artean 80 doktore eta doktore-tesia egiten ari diren 24 ikertzaile daude. Era berean, Teknikerrek jabetza intelektualeko zazpi familia berri sortu zituen, patente edo erregistro moduan, eta 2,3 milioi euro bideratu zituen bere instalazioak eta ekipamendu teknologikoa hobetzera.
Jasangarritasunaren arloan, zentroak 2024ko karbono-aztarna erregistratu zuen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren erregistro ofizialean. Hori egitean eskuratutako zigiluak aitortzen du zentroa etengabe murrizten ari dela berotegi-efektuko gasen emisioa, energia-eraginkortasuneko neurriei, azpiegituren optimizazioari eta mugikortasun iraunkorraren sustapenari esker.