• ENPRESAK GAUR
  • Sentsorika kuantikoko eta robotikako soluzio teknologikoak aurkeztuko ditu Teknikerrek BIEMHen

Sentsorika kuantikoko eta robotikako soluzio teknologikoak aurkeztuko ditu Teknikerrek BIEMHen

Osasun-arlorako zein nabigazio autonomorako baliagarriak diren teknologiak garatu ditu zentroak

Argazkia: Tekniker
Argazkia: Tekniker
2026eko otsailaren 5a - 10:54

Enpresen eraginkortasuna, sinesgarritasuna eta jasangarritasuna sustatuko duten soluzioak eskaintzea. Hori da Tekniker zentro teknologikoak izango duen helburua martxoaren 2tik 6ra bitartean, Makina Erremintaren Biurtekoan (BIEMH) izango dituen standetan erakutsiko baititu ikerketa teknologikoaren bitartez lortutako zenbait teknologia.

 

Azokan, BRTA aliantzako kideak sentsorika kuantikoan jarriko du fokua. Izan ere, sistema "berritzaile" bat aurkeztuko du, osasun-arloan aplikazio potentzialak dituena. Zehazki, teknologia horrek aukera emango luke sentsoreen bidez molekula biologikoak hautemateko eta biomarkatzaileen neurketa hobetzeko; hala, ahalbidetuko litzateke diagnostiko zehatzagoak egitea eta zenbait gaixotasun lehenago antzematea. Beste ildo batetik, nabigazio autonomorako ere erabilgarria izango litzateke Teknikerren teknologia, sateliteen seinalerik ez dagoen lurretan (tuneletan edota itsasoan) GPSa izateko aukera eskaintzea duelako helburu. BIEMHen aurkeztuko duten arren, oraindik ikertzen ari diren teknologia da, nahiz eta jada probatzen ari diren metalurgiaren eta energiaren sektoreko proiektuetan.

Sentsorika kuantikoaz gain, robotikari loturiko berritasunak ere eramango ditu zentroak azokara: robotika kolaboratiboko zelula bat sortu dute, zeinak piezak ikusteko eta eusteko gaitasuna ematen dion robotari, berak lan autonomoa egin dezan. Horrez gain, Teknikerrek adibide praktikoak aurkeztuko ditu, elektronika zuzenean material plastiko edo konpositeetan nola txerta daitekeen erakusten dutenak. Teknologia horrek dagoeneko funtzio elektronikoak dituzten piezak eta produktuak sortzeko aukera ematen du, kanpoko osagaiak gehitu beharrik gabe.

 
Sentsore kuantikoak | Argazkia: Tekniker
Sentsore kuantikoak | Argazkia: Tekniker