• ENPRESAK GAUR
  • Ternua Groupek borondatezko hartzekodunen konkurtsora joko du

Ternua Groupek borondatezko hartzekodunen konkurtsora joko du

Arrasaten egoitza duen konpainiak 16 milioi euroko zorra du eta 180 laguneko lantaldea. Etxalarren ere fabrika bat du

Argazkia: Ternua Group
Argazkia: Ternua Group
2025eko ekainaren 13a
Eg. 2025eko ekainaren 13a

Ternua Groupek borondatezko hartzekodunen konkurtsora doa. Ternua, Astore, Lorpen eta Loreak Mendian markak biltzen dituen konpainiak Donostiako Merkataritza Arloko 2 zenbakiko Epaitegian aurkeztu du konkurtsoa, eta ohar bidez azaldu du ehungintzaren sektoreak mundu mailan bizi duen egoera “kritikoak” kalte handia eragin diolako hartu behar izan duela erabakia.

 

Arrasaten (Gipuzkoa) egoitza duen konpainiak 29,2 milioi euroko fakturazioa izan zuen iaz, emaitza negatiboa, eta 16 milioi euro zorra du pilatuta. Arrasateko egoitzaz gain, fabrika bat du Etxalarren (Gipuzkoa) eta beste 28 saltoki ere bai. Egun, 180 langile ditu.

2023tik egoera “zailean” zegoela adierazi du Ternua Groupek. Oharrean ere argitu dute, azken unera arte, eta hartzekodunen konkurtsoari heltzeko erabakia hartu baino lehen, Ternua Group-eko zuzendaritza harremanetan egon dela jarduerari eta enpleguari jarraipena emateko eta ekoizpen-unitateren bat eskuratzeko interesa izan zezaketen inbertitzaile posibleekin negoziatzen aritu dela.

 

Zorra birfinantzatzen saiatu badira ere, ez dute hartzekodunen konkurtsoa ekiditea lortu. Dena den, Ternua Group barruan dagoen Loreak Mendian markak eskaintza bat jaso duela argitu dute, bere jarduerarekin jarraitzea ahalbidetuko liokeena. Eskaintza honi erantzuteko hilabeteko epea du Donostiako epaitegiak.