
Mungiako TH Companyk 2012an ekin zion nazioartekotze estrategiari, eta, gaur egun, Ekuadorren, Perun, Txilen, Indian, Australian eta Txinan ditu egoitzak. Nazioarteko eragile askorekin dihardu lanean, 40 bat herrialdetara hedatu baitu jarduera, eta, hori dela eta, aurten Nazioartekotze proiektu onenaren saria jaso berri dute ON Bizkaia sariketan; Beaz erakunde publikoak antolatutako sariek Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen lana aitortzea dute xede, lurraldean jarduera ekonomikoa eta lanpostuak sortzen egindako ekarpenarengatik. “Oso pozik gaude aitorpenarekin, gauzak ondo egitea ari garen seinalea baita”, kontatu dio Gonzalo Prat TH Companyko zuzendariak EnpresaBIDEAri.
Aitorpena proiektu jakin batengatik izan da: Taiwanen zabaldu berri duten egoitzagatik, hain justu ere. Zonalde hori merkatu estrategikoa da TH Companyrentzat Asia Pazifikoan, eta bertara hedatu nahi dute merkatua, arrantza-ontzientzako flota garrantzitsua baitago han eta Mungiako konpainia atun-ontzietarako arrantza-ekipoak ekoizteaz arduratzen da, besteak beste. “Hazkunderako potentzial handia duen merkatua da Taiwan guretzat; horregatik, erabaki dugu hor finkatzea”, adierazi du Pratek.
60 urteko ibilbidea
Konpainiaren jatorria arrantza-sektorearekin lotuta dago, eta dagoeneko bilakaera esanguratsua izan dute, datorren urtean 60 urte beteko baitituzte. 1970ean lizentzia-akordio bat sinatu zuten Marco izeneko konpainia batekin, zeina arrantza-ontzietako ontzigainetako ekipoak egiten aitzindariak izan ziren 50eko hamarkadan; izan ere, ordura arte ekipo horiek modu artisauan egiten ziren. Pratek dioenez, haiek izan ziren arrantzaren mekanizazioan aintzindariak.
Beraz, 1970etik ari dira marka hori lantzen; lehenik eta behin fabrikazio eta salmenta eskubideak Europako merkatuan eskuratuz, eta, gero, 2022az geroztik, mundu mailan.
Beste negozio-ildoa TH marka litzateke. Prozesu ekipoak, prozesu ingeniaritzako zerbitzuak eta instalazioak garatzen dituzte meatzaritza, mineralen industria edota agregakinen sektoreetarako. Halaber, hondakinen birziklapenerako hainbat prozesu ere lantzen dituzte. "Nahiz eta bi sektore desberdin izan, antzekoak ere badira, izan ere bietan lehengaiak lantzea da xedea", dio zuzendariak.

19 milioi euroko fakturazioa iaz
Iaz 19 milioi euroko fakturazioa izan zuen konpainiak, eta aurten % 25 handitzea aurreikusten du. 60 urte betetzear, enpresa egoera onean dela iritzi dio zuzendariak; "enpresa ertain bat gara, enpresa handiago eta multinazional askorekin borrokatzen ari dena. Pozik gaude, enpresa posizio finantzario sendo eta on batean dagoelako, hazten jarraitu nahi dugu eta gauza berriak egiteko gogoz gaude”.
Gaur egun, Mungiako egoitza nagusian 91 pertsonek egiten dute lan. Euskal Herrian bederatzi lantegi dituzte, eta horietako bat da Novattia I+Gko zentroa. Ekipoen balioa handitzeko teknologia garatzeko enpresa gisa sortu zen Novattia. Bertatik, gainera, beste enpresa txiki bat sortu zen orain lau urte, SBS (Spouted Bed Solutions) izenekoa potentzial interesgarria duena teknologia aldetik, Praten arabera. “Guztira 200 bat lagunek egiten dute lan TH Companyn, baina negozioa haziz doa”.
Euskal Herrian bederatzi lantegi dituzte, horietako bat Novattia I+Gko zentroa da
Ez dute merkatu berrietara hedatzeko asmorik. Konpainiaren erronka litzateke egungo fakturazioa bost urtetan bikoiztu ahal izatea. Hazi egin nahi du TH Companyk, digitalizazioa sustatuz eta berrikuntzaren alde eginez.

Jasangarritasuna erdigunean
BAUMA azoka Munichen (Alemania) egiten den eraikuntza azokarik handiena da, non munduko meatzaritzan espezializatutako atal bat dagoen, eta bertatik itzuli berri da Prat. Hiru urtean behin egiten da topaketa. “Industriaren elektrifikazioari eta mugikortasunari dagokionez, azokan ikusi dudan jarrera jasangarria da”, adierazi du.
Makineriaren, makina mugikorren, garabien, hondeamakinen, kamioien, etab-arren munduko fabrikatzaile handi guztiak sistema elektrikoak erabiltzen ari dira beren azken produktuetan, erregaizko motorren sistemak ordezkatuz. "Sistema elektriko berri horiek ez dute CO2 isuririk zabaltzen, eta eraginkorragoak dira errekuntza motorrak baino", azaldu du zuzendariak.
Gonzalo Prat: "Egia da arrantza sektorea oso sektore tradizionala dela, eta teknologia berrien aldeko apustua egitea kosta egiten dela”
TH Companyk ere jasagarritasunaren aldeko apustua egin du eta munduko fabrikatzaile handien ildo beretik jo du. Hala, arrantza-ontzientzako estalki edo ontzigainetako sistema batzuk garatu dituzte, ohiko eragintza hidraulikoa sistema elektrikoaren bidez aldatuz.
Lau prototipo eraiki dituzte, eragingailu elektrikoa eta energia birsortzeko sistema bat barne hartzen dituztenak ekipoak balaztatzen ari direnean. Izan ere, arrantzatzerakoan, sarea itsasora botatzen denean, balaztatze une bat eragiten du ekipoak. Bada, balaztatze prozesu horretan, energia berreskuratu eta biltegiratu daitekeela dio Pratek. “Auto elektrikoen antzeko zerbait litzateke, balaztatzean kargatzen baitute energia. Baina egia da arrantza sektorea oso sektore tradizionala dela, eta teknologia berrien aldeko apustua egitea kosta egiten dela”, ohartarazi du zuzendariak. Prototipo horiek Mungiako instalazioetan garatu dituzte, eta entseguak egiten ari dira orain.

Nazioartekotzearen abantailak
2023an ireki zuten Taiwango egoitza berria. “Guretzat kanpoko merkatuen gaia oso garrantzitsua da fakturazioari dagokionez, esportazioetan ehunekoa handia baita”, esan du Pratek. 80ko hamarkadan konpainiaren lehen esportazioak hasi ziren. “Bezeroak kanpoko merkatuetan izan ahala, saldu osteko zerbitzua funtsezkoa da; edozein makinek bezala, zerbitzu egokia ematen ez bazaio, azkenean arazoak izango baitira”, gaineratu du.
Gauzak horrela, hasieratik bezeroen eskutik joan dira, eta bezero eta makina gehien dituzten herrialdeetan finkatu dira. “Merkatu asko zabaltzeak lasaitasuna ematen digu, merkatu edo herrialde bat egoera ekonomiko txar batean bada, beti dugu beste herrialde sorta bateko merkatuetara joateko aukera, arriskua minimizatuz”. Gaur egun, nazioartean ziurgabetasuna da nagusi, baina arriskua txikitu egiten da, bezeroen zorroa herrialde gehiagotan zabalduta dagoenean.
“Merkatu asko zabaltzeak lasaitasuna ematen digu, merkatu edo herrialde bat egoera ekonomiko txar batean bada, beti dugu beste herrialde sorta bateko merkatuetara joateko aukera"
Trumpen muga-zergek ez die bereziki eragin. AEBn ekoizpen txikia baitute, hau da, ez dute bezero askorik. Arrantzaren sektoreak, elikagaiena den aldetik, ez die kalte handirik sortu, meatzaritzan, ordea, eragin handiagoa izan du. “Ohikoa denez, inbertsioak murriztu egiten dira horrelakoak gertatzen direnean. Espero dezagun hilabete batzuetako gaia baino ez izatea, eta egoera normalizatu ahal izatea”, bota du Pratek.

Hondakinen balorizazioa eta ekonomia zirkularra
Europan bultzada handia ematen ari zaio hondakinen balorizazioaren eta ekonomia zirkularraren gaiari; hondakinen tratamenduan mugimendu handia dago bigarren bizitza bat eskaini ahal izateko eta zaborrak zabortegietan ez amaitzeko. Orain gutxi, Europako batzordeak araudi bat atera du proiektu estrategiko batzuei baimenak arintzen saiatzeko, eta, aldi berean, material horiekiko Europaren mendekotasuna murrizteko; material horiek eskatzen baitira digitalizazioaren eta mugikortasun jasangarriaren eta elektrifikazioaren egungo errealitaterako.
“Europan denok erabiltzen ditugu mugikorrak eta gailu elektronikoak, hirugarren munduko herrialdeetatik datozen lehengaien kontura”, dio Pratek. Meatzaritzako proiektuak sustatzen direnean, beti gaitzespen handia jasotzen da Europako biztanleen artean, eta EAEren kasuan ere proiektu batzuk geldituta daude auzokideen protesten ondorioz. Hala ere, sektoreak, meatzaritza seguru, arduratsu eta kalitatezko enpleguak sortzen dituen jarduera gisa aldarrikatu du, eta proiektuak garatu daitezkeen esperantzaz dira TH Companyn.