• ENPRESAK GAUR
  • Trantsizio energetikoaren erronkak eta aukerak aztertuko dituzte Meatzaldeko enpresek

Trantsizio energetikoaren erronkak eta aukerak aztertuko dituzte Meatzaldeko enpresek

Meatzaldeko Behargintzak antolatutako topaketa azaroaren 24an egingo da. Bertan, eskualdean lan egiten duten enpresak eta eragileak parte hartuko dute, besteak beste, Petronor Innovacion

Meatzaldeko Behargintzak Abantoko EIC-Energy Intelligence Centerren egingo du topaketa | Argazkia: Euskadiko Parke Teknologikoa
Meatzaldeko Behargintzak Abantoko EIC-Energy Intelligence Centerren egingo du topaketa | Argazkia: Euskadiko Parke Teknologikoa
2026ko azaroaren 20a - 10:11
Eg. 2026ko azaroaren 20a - 10:56

Meatzaldeko enpresa-sareak trantsizio energetikoak dakartzan erronkak eta aukerak aztertuko ditu azaroaren 24an. Meatzaldeko Behargintzak Trantsizio energetikoa: erronkak eta aukerak Meatzaldeko industria-sarearentzat lelopean antolatutako topaketan, industriaren etorkizun energetikoari, berrikuntzari eta lankidetzari buruzko hausnarketa sustatuko da, eskualdeko enpresen lehiakortasuna indartzeko helburuarekin. Abanton kokatutako EIC-Energy Intelligence Center-en egingo da ekimena, 9:30etik aurrera.

 

Bertan, funtsezko eragileen ikuspegia ezagutzeko aukera izango da: Tecnalia, EIC Energy Intelligence Center eta Petronor Innovacion, besteak beste. Berrikuntzari, deskarbonizazioari, energia-eraginkortasunari eta hidrogenoari lotutako kasu errealak eta enpresa-proiektuak partekatuko dira topaketa honetan. Trantsizio energetikoaren testuinguruan enpresa-sareak dituen egungo eta etorkizuneko erronkak eta aukerak izango ditu hizpide Petronor Innovacióneko zuzendari Txetxu Arzuagak. Tecnaliako Merkatu eta Negozio Garapeneko Kudeatzaile Hector Viniegrak, aldiz, EAEko trantsizio energetikoa aztertuko du.

Hitzaldi horien ostean, bi mahai-inguru egingo dira. Lehena, H2TRADIS proiektuari buruzkoa izango da. Bertan, hidrogenoaren garraio eta banaketarako digitalizazioaren inguruan hitz egingo da. Cidetec Surface Engineering-eko Javier Goñik moderatuko du eta Grupo Miesako Eamonn Bernal D'Arcyk, Tamoin enpresako Aitor Sampedrok eta Eserguiko Lander Sarganak parte hartuko dute.

 

Bigarren mahai-inguruan, Meatzaldeko enpresen trantsizio energetikoko proiektuak izango dituzte aztergai. Mondragon Unibertsitateko Jose Maria Canalesek gidatuko du saioa, eta Emicako Jon Ander Aguirrebengoa, Gutrameko Jorge Gutierrez eta Indelcasako Alejandro Tellechea arituko dira hizlari. Hiru enpresa horien parte-hartzeak eskualdeko industria-sarean garatzen ari diren ekimenak eta berrikuntza-esperientziak ezagutzeko aukera emango du.

Egitarauak, beraz, ikuspegi orokorra eta tokiko industria-esperientziak uztartuko ditu: batetik, EAEko trantsizio energetikoaren norabidea eta azpiegitura estrategikoak aztertuko dira; bestetik, hidrogenoaren garraioarekin eta banaketarekin lotutako erronkak nahiz Meatzaldeko enpresen proiektu zehatzak landuko dira. Enpresen, teknologia-eragileen eta erakundeen arteko ezagutza-trukea sustatzea izango da topaketaren ardatzetako bat. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailak finantzatzen du, Eskualdeko Lehiakortasuna Bultzatzeko Programaren barruan.

Meatzaldeko enpresen mapa egin zuten 2025 urtean | Argazkia: Meatzaldeko Behargintza
Meatzaldeko enpresen mapa egin zuten 2025 urtean | Argazkia: Meatzaldeko Behargintza

Topaketa hau, Meatzaldeko Behargintzak garatutako Energyland proiektuaren zati bat da. Ekimen honen bitartez, Meatzaldeko enpresa-sarearen lehiakortasun-posizionamendua bultzatu nahi da. Proiektu honen helburuen artean, bertako enpresak energia-sektorearen hornikuntza-katean integratzeko erraztasunak izateko aukerak lortzea da. Horretarako, Behargintzak industria dibertsifikazio-bideak topatu eta aktibatu nahi ditu, batez ere, hidrogenoaren, sare adimenduen eta energia-eraginkortasunaren arloetan. Behargintzak Energyland proiektuari aurreko urtean hasitako bideari jarraitu nahi dio. 2025 urtean, Meatzaldeko enpresen mapa egitearekin batera, bertako ekosistema enpresariala aktibatzeko ekintzak egin zituen. Lan ildo horri jarraituz, hurrengo astean egingo den topaketa antolatu du. Topaketan izena emateko aukera doakoa da.  

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain