Tubacex mozkinetara bueltatuko da 2022an

1.200 milioiko salmentak aurreikusten ditu 2025erako. Dibertsifikaziorako bidea zabalduko du, petroliotik aldenduta, enpresaren bat erosiz

Argazkia: EP
Argazkia: EP
2022ko maiatzaren 26a - 19:35
Eg. 2022ko maiatzaren 26a - 19:36

Tubacex enpresak bere aurreikuspen ekonomikoen berri eman du gaur. Bere plan estrategiko berriaren barruan, pandemia aurreko urteetako salmentak bikoiztea aurreikusten du 2025erako, 1.000 edo 1.200 milioira iritsi arte. Dibertsifikazioaren aldeko apustua egin nahi du konpainiaren bat taldean integratuz. Bestalde, desinbertsioak egitea ez du baztertzen.

 

Taldeak 2022an pandemiaren aurreko urteetan baino emaitza hobeekin ixteko aurreikuspenari eusten dio, urtea mozkinekin bukatuta, 70 milioitik gorako EBITDA (interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak) batera iritsiz. Nabarmentzekoa da une honetan, taldeko konpainia guztiek irabaziak dituztela. Euskal Herriko lantegiei dagokienez, galeretan jarraitzen dute lehen hiruhilekoan, energia-kostu handiengatik.

Enpresak gaur egin du bere Akziodunen Batzarra eta horren kontura Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delagatuak eta Francisco García Sanz presidenteak enpresaren asmoak aurkeztu dituzte. Akziodunen Batzarrak Jose Toribio González kontseilari independente izendatzea berretsi du eta Jorge Sendagorta, Iván Martén eta Isabel Lópezen berritzea.

Enpresak 2022-2025 urteetarako plan estrategiko berria aurkeztu du. "Energia eta mugikortasuna" izango dira planaren muina eta  jasangarritasuna "ardatz" izango du, beti ere "errentagarritasunari lotuta". Kontseilari delegatuak azaldu du pandemiak azkartu egin duela deskarbonizazio prozesua eta energia berrien aldeko apustua. "Baina ezin gara energiarik gabe geratu epe laburrean, aukerak, tamalez, egonda ere", gaineratu du Esmorisek. Datorren negua "oso gogorra" izango dela iragarri du, gasaren aferari dagokionez. Berriztagarriak hazi egingo direla ere esan du, baina nabarmendu du gasa "trantsizioko energia gisa geratzeko dagoela" eta Tubacexek energia horren aldeko apustua egiten duela.

Tubacexeko kontseilari delegatuak adierazi du oil & gas sektorearekiko esposizioa murriztu egin nahi dutela, batez ere petrolioarekiko, 2025ean salmenten heren bat soilik izan dadin (% 60 gaur egon). Negozio eredu "orekatuago" batera irits nahi du konpainiak farmazia, hidrogenoa edo aeroespaziala bezalako sektoreak ardatz hartuta. 

2025erako helburua pandemia aurreko urteetako salmentak bikoiztea da, 1.000 edo 1.2000 milioira iritsita, eta Ebitdaren marjinak % 12 eta 15 artekoak izatea. Plan berriak 2024 eta 2025 urteetan "dibertsifikazioan urrats garrantzitsu bat" ematea aurreikusten du. Hala, Tubacexen sektorearen osagarria den eta "balioa gehitzen duen" sektore bateko konpainia "garrantzitsuren" bat integratzea planteatzen da. "Energiaren munduan osagarria izan daitekeen zerbait, baina oil & gas sektorekoa ez dena".

Era berean aurreikusitako planen barruan, balizko desinbertsioak aztertzen ari dira "estrategikoak ez diren alorretan", baina "betiere balioa gehitzen badute". "Aztertzen ari gara, baina horrek ez du esan nahi egingo dugunik", adierazi du kontseilari ordezkariak.