Tubacex Taylor Accesorioseko (TTA) langileek greba mugagabeari ekingo diote gaurtik aurrera, hitzarmen kolektiboa eguneratzea exijitu asmoz. Artziniegan (Araba) kokatuta dagoen enpresak, Tubacex taldearen filiala denak, hodi industrialetarako osagarriak fabrikatzen ditu.
Hamahiru urte pasa dira hitzarmen kolektiboa azken aldiz eguneratu zenetik eta urtez urte langileen erosahalmena txikitu egin da. Ordutik, soldatak "izoztuta" egon dira "antzinatasunagatiko bosturtekoei dagozkien igoeretatik haratago", azaldu du ELAk. Era berean, sindikatuak aditzera eman dituen datuen arabera, 2013 eta 2025 urteen artean prezioak %26 igo dira (KPIa erreferentzia hartuta). "Plantillaren ustez, zaila da jarrera hori justifikatzea, kontuan hartuta Tubacex Taylor Accesorios Tubacex taldekoa dela, eta azken horrek emaitza ekonomiko garrantzitsuak izan dituela azken urteetan", gaineratu du sindikatuak, erreferentzia eginez urte honetan bertan taldeak akziodunen artean banatutako 6,4 milioi euroei.
Gauzak horrela, greba mugagabeari ekingo diote beharginek. Haatik, ez da mobilizazioak egiten dituzten lehen aldia: duela bi urte ere egin zituzten manifestazioak, soldatetan igoerak eskatzeko, baina hitzarmenak bere horretan jarraitu zuen. 2026ko udan zehar ere 13 greba egun egin dituzte. Aurrerapausorik ez da izan, ordea.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta