• ENPRESAK GAUR
  • Tubacexek %17,5 handitu ditu irabaziak, nahiz eta salmentetan beherakada izan duen

Tubacexek %17,5 handitu ditu irabaziak, nahiz eta salmentetan beherakada izan duen

Merkatuaren jarduera apaldu egin da, nikelaren prezioak behera egin du, eta dolarrak euroarekiko izan duen balio-galerak kalte egin dio talde arabarrari

Argazkia: Tubacex
Argazkia: Tubacex
2025eko urriaren 31a - 10:26

Tubacex taldeak 16,7 milioi euroko irabaziak izan ditu 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan, iazko epe bereko emaitza %17,5 handitu duelarik. CNMV erakundeari eman dio gaur informazioa taldeak, eta zehaztu du salmentak %7,6 murriztu direla irailera arte, 525,9 milioi eurokoak izan baitira.

 

Talde arabarrak merkatuen gorabeherei egotzi die diru-sarreren beherakada. Merkatuaren jarduera apaldu egin da, nikelaren prezioak ere behera egin du, eta dolarrak euroarekiko izan duen balio-galerak kalte egin dio. 

"2025eko ekitaldian merkatuaren ahultasun orokorrak gure jarduera-sektore guztietako salmenta-bolumenei eragin die”, azaldu du taldeak ohar bidez. Hori hala izanik ere, taldearen EBITDA hazi egin da urte batetik bestera. 84,6 milioi eurokoa izan da 2025eko lehen bederatzi hilabeteetan (%8,5 gehiago).

 

Taldearen eskari-zorroak 1.266 milioi euroko balioa du egun. Hala, 2026ra begira, Tubacexek azaldu du “agertokiak berrikusten” ari dela, eta egungo marjinak mantentzeko behar bezainbeste neurri hartuko dituela. Negozioaren ohiko jarduera berreskuratu nahi dute, taldean negozio lerro guztietan.