
Tubacexek 22,9 milioi euroko irabazi garbiekin amaitu du 2024a, aurreko urtean baino %37,1 gutxiago. Azken emaitza murriztu badu ere, iazko laugarren hiruhilekoan %1,6 handitu zituen irabaziak, 8,7 milioi euro bilduta.
“Ez ohiko faktoreek” eragin dute irabazien beherakada, talde arabarraren arabera. Tartean, eraikuntzarako inbertsioa, Abu Dhabiko lantegia martxan jartzeko kostuak eta Petrobrasekin adostutako esleipenen atzeratzea nabarmendu ditu enpresak arrazoi nagusitzat.
Guztira 767,5 milioi euroko salmentak izan ditu, 2023an baino %10 gutxiago. Salmenten beherakada nikelaren prezioa jaisteari egotzi dio enpresak, besteak beste. Era berean, 107 milioi euroko EBITDA izan du, eta eskari zorroa 2023ko maila berean mantendu du, 1.600 milioi euro inguruko balioa duelarik.
Arabako enpresak aurreikusten du 2027an 1.200 eta 1.400 milioi euroko salmentak izatea, eta 200 milioi euroko EBITDA gainditzea. 2025era begira, aldiz, Tubacexek dio “inoizko urterik onena” izango duela, eta eskari zorroa ikusita, ezarritako helburuak betetzeko aukera izango duela.
Bestalde, konpainiaren administrazio kontseiluak proposatu du 25 milioi euro banatzea dibidenduetan.