Tubacexek etekinak bikoiztu ditu

434,8 milioi euroko salmentak izan dituzte 2023ko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %22,9 gehiago

Argazkia: Tubacex
Argazkia: Tubacex
2023eko uztailaren 21a
Eg. 2023eko uztailaren 21a

2023ko lehen seihilekoko emaitzak aurkeztu ditu gaur Tubacexek, eta historiako salmenta handienak izan dituztela jakinarazi dute, 434,8 milioi eurokoak, hain zuzen. Iazko epe berarekin alderatuz %22,9 hazi dira. Hala, EBITDA metatua 65,3 milioi eurokoa izan da, eta %14,8ko marjina lortu dute.

 

Mozkinei dagokionez ere iazko urteko datuak hobetu ditu enpresak, 20 milioi eurokoa izan baita aurten, iazkoaren bikoitza. Gainera, zortzigarren hiruhilekoz jarraian, emaitza ekonomikoa hobetu du 33,9 milioi euroko EBITDArekin, eta hiruhilekoko marjina %16,7koa izan da.

Egun, 1.650 milioi euroko eskari-zorroa duela jakinarazi du Tubacexek, eta bigarren seihilekoari begira, aurreikuspen positiboak izatea ahalbidetzen diela azaldu dute. Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delegatuaren arabera, “lehen seihilekoko emaitzek gure aurreikuspenak berresten dituzte, emaitzak hobetzeari eta kutxa gordina sortzeari dagokienez. Salmenta eta EBITDA historiko bat izateko aukera ematen digun eskaera-zorro altu bat dugu eta 2024rako gure ikusgarritasuna handituko dugu”

 

Seihileko honetan sortutako diru kutxa hainbat negoziotara bideratu dutela ere eman dute argitara: Saudi Arabiako gutxiengo partaidetza baten erosketara, Norvegiako beste partaidetza bat, Abu Dhabiko lantegian egindako inbertsioa eta 2022ko emaitzen dibenduetara.

Sektoreei dagokionez, gehien industrian saldu du Tubacexek (%42), eta Asia eta Ekialde Ertainean (%40) eman dira salmetak gehienak, Amerikan (%35), Europan (%21) eta Afrikan (%4).