Tubacexek iazko irabaziak gainditu ditu jada

27,8 milioi euro irabazi ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iazko epe berean baino %63,5 gehiago

Argazkia: Tubacex
Argazkia: Tubacex
2023eko urriaren 27a
Eg. 2023eko urriaren 27a

Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) Tubacexen urteko lehen bederatzi hilabeteetako emaitzak aurkeztu ditu gaur. Inoizko fakturazio handiena lortu du konpainiak eta eskari-zorroa ere “zifra historikoetan” mantentzen duela jakinarazi du, 1.630 milioi eurotan, hain zuzen. Hala, 641,9 milioi euroko salmentak izan dituzte irailera bitartean, iazko epe berean baino %21,8 gehiago. Irabaziak 27,8 milioi eurokoak izan dira, iaz baino %63,5 gehiago.

 

EBITDAri dagokionez, iazko irailekoa baino %39,3 handiagoa izan da aurtengo lehen bederatzi hilabetetakoa, 93,8 milioi eurora ailegatuz. Testuinguru makroekonomiko eta geopolitiko “konplexu eta desafiatzaile” batean lortutako emaitzak direla gogoratu du enpresa arabarrak, eta hainbat sektoretan egindako dibertsifikaziorako apustua eta energia horniketa segurtatzen egindako lana jo dituzte gakotzat.

Jesus Esmorisek, Tubacexeko kontseilari delegatuak azaldu duenez, “Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari aurkeztutako datuek 2023 urte historikoa izango dela iradokitzen dute, emaitzei dagokienez, eta 2024ra begira ere, enpresaren ikusgarritasuna bermatzen dute”.