Tubacexen etekin garbiak ia %80 handitu ziren iaz

36,3 milioi euro irabazi ditu hodi ekoizle arabarrak, eta 2024rako aurreikuspen "onak" ditu enpresak. Egun 1.600 milioi euroko eskari zorroa du

Argazkia: Tubacex Argazkia: Tubacex

Tubacexek ikaragarri handitu zituen irabaziak iaz. Jesus Esmoris kontseilari delegatuaren hitzetan, “inoizko urterik onena” izan dute, eta 2022aren aldean, kasik %80 handitu dituzte mozkinak. Konpainiak 36,3 milioi euro irabazi zituen iaz, eta 852,4 milioi euro lortu zituen salmentetan, 2022an baino %19,3 gehiago. Hori gutxi balitz, esplotazio emaitza gordina (EBITDA) %35,6 handitu du, 125,2 milioi eurokoa izan delarik.

Enpresak azpimarratu duenez, lehengaien prezioan egungo egoera gorabeheratsua izan arren, bezero estrategikoekiko "posizionamendu onak", produktuaren uztarketa egokiarekin batera, "taldearen salmenten eta egiturazko errentagarritasunaren hazkunde handia" eragin dute.

Zehazki, gasaren upstream sektorearen eta Asia eta Ekialde Ertaineko eskualde geografikoaren "bilakaera ona" nabarmendu du enpresak. Horrekin batera, bezero estrategikoen "posizionamendu onak" eta epe luzerako akordioak sinatzeko politikak marjinak maila objektiboetan finkatzea ahalbidetu duela azpimarratu dute.

Fakturazioren %35 industriatik erdietsi du konpainiak, beste %24 gasa erauzteko eta banatzeko azpiegituretatik eta %19 petrolioa erauzteko eta banatzeko azpiegituretatik. Era berean, salmenta gehienak Asian eta Ekialde Hurbilean egin dituzte (%43). Amerikan %33 eta Europan %21 egin dituzte.

Azken bi urte pasatxoetan goranzko bilakaera nabarmena izan du Tubacexen negozioak, eta 2024ra begira, aurreikuspen “onak” dituzte. Pasa den azaroan ezarritako helburu estrategikoak betetze bidean da konpainia. Hala, egungo eskari zorroak 1.600 milioi euroko dela jakinarazi dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK