• ENPRESAK GAUR
  • Tubos Reunidosek 71,3 milioi euroko galerak izan ditu behin-behinean 2025ean

Tubos Reunidosek 71,3 milioi euroko galerak izan ditu behin-behinean 2025ean

Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera egingo dute gaur enpresaren bideragarritasun plana aztertu asmoz

Tubos Reunidosen 2025eko akziodunen batzarra | Argazkia: Tubos Reunidos
Tubos Reunidosen 2025eko akziodunen batzarra | Argazkia: Tubos Reunidos
2026eko otsailaren 9a - 09:19

2025eko emaitzen aurrerapena eman du argitara Tubos Reunidosek. 71,3 milioi euroko galera garbiekin itxi du ekitaldia enpresak, eta 22,8 milioi euroko EBITDA negatiboa izan du. Negozio zifra 2024koa baino %13 handiagoa izan bada ere —365,7 milioi euro—, batez besteko prezio txikiagoa izateak errentagarritasunean eragina izan du. Gauzak hala, zor finantzarioa 234,3 milioi eurotik 263,2 milioi eurora igaro da urtebetean.

 

Aipatzekoa da datuok behin-behinekoak direla, oraindik ere AEBko jarduera-jaitsierak aktiboen narriaduran zenbateko eragina izan duen zehaztu behar baitu enpresak. Dena den, zuzendaritzak ohar bitartez aurreratu dutenez, informazio horrek emaitza garbian eragin dezake batik bat, eta ez gainontzeko aldagaietan. 

AEBko merkatuak konpainiaren fakturazioaren %50 inguru suposatu zuen 2023 eta 2024ko ekitaldietan. Aitzitik, iazko ekitaldian beherakada nabaria izan zen merkatu hartatik eginiko eskarietan, martxoan desagertutako kuota eta salbuespenak, eta altzairuaren gaineko muga-zergen %50eko igoera zirela medio. Egoera horri aurre egin nahian beste merkatu batzuetan jarduera indartzeko saiakera egin zuen enpresak, zehazki, Canada, Alemania, India eta Ekialde Ertaina, baina egoera geopolitikoak mundu mailako proiektuen etenaldia ekarri du, eta Canadak ere muga-zerga berriak ezarri ditu, eskaera-zorroa berritzea zaildu duena. 

 

Informazio hori gaur argitara ematearen arrazoietako bat izan da enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bileraren puntu garrantzitsua izango dela. Goizeko 10:00etan egingo da bilera hori, eta xede nagusi du enpresaren bideragarritasun plana aurkeztea "egitura produktiboa aurreikusitako eskaerara egokitzea" bilatzen duena, "lehiakortasuna hobetu" asmoz. Halaber, langileek greba eguna dute gaur eta piketeak antolatu dituzte Amurrioko lantegian.