• ENPRESAK GAUR
  • Tubos Reunidosek jarduera eten dezake inbertsiogilerik topatu ezean

Tubos Reunidosek jarduera eten dezake inbertsiogilerik topatu ezean

Hala jakinarazi die gaur zuzendaritzak langileei

Tuboseko Amurrioko planta | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press
Tuboseko Amurrioko planta | Argazkia: Iñaki Berasaluce/Europa Press
2026ko maiatzaren 6a - 17:38
Eg. 2026ko maiatzaren 6a - 17:50

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak bilera izan dute gaur goizean Amurrion eta arratsaldean Trapagaranen hartzekodunen konkurtsoari eta oro har egoerari buruz eztabaidatzeko. Arduradunen hitzetan, egoera "oso konplikatua" da, eta inbertsiogileri bilatu ezean, hartzekodunen konkurtsoak jarduera erabat etetera eraman dezake enpresa. Izan ere, kreditua emateko prest dagoenik ez dago, atzo bertan langile batzordeak SEPI eta BBVAri eskatu bazien ere diru gehiago jar zezaten.

 

Era berean, maiatzeko ordainketak egiteko ez du "apenas diru-sarrerarik", konkurtso eskaera tarteko, eta abian jarritako bideragarritasun eta kaleratze kolektiboko plana bertan behera utzi du momentuz. 

Konpainiak astelehenean aurkeztu zuen borondatezko hartzekodunen konkurtsoa likidezia arazoek eta Amurrioko lantegiaren geldialdiak —greba mugagabeari erreferentzia eginez— bultzatutako “berehalako kaudimengabezia” egoerak ekarritako arazoak argudiatuta. Iaz 118 milioi euroko galerak izan zituen konpainiak eta 263 milioitik gorako zorra pilatzearen ondorioz, 240 langile erregulazio espediente bitartez kaleratzeko erabakia hartu zuen. Aurreikuspenen arabera, hemendik hiruzpalau astetara konkurtso administratzaile baten esku geratuko da enpresaren kontrola, epaitegiaren zaintzarekin, eta haren lana izango da inbertitzaile posiblea eta bideragarritasun plana aurkeztea epaileari. Halaber, sindikatuek harekin abiatu beharko dute negoziazio prozesua, beste enplegu erregulazio bat proposatu dezaketeelako.

 

Momentuz, jakina dena da Amurrioko plantako langileek bilera dutela bihar erabakitzeko aurrera edo atzera egingo dute greba mugagabearekin. Langile talde batek bultzatutako ekimena izan da, eta langile batzordeko gehiengoak —ELA, LAB eta ESK— ez du babesten, CCOO eta UGTk horren alde egin duten bitartean.