Enplegua erregulatzeko espediente banak elkartu egin ditu Tubos Reunidosek eta Maderas de Llodioko langileak. Norbere enpresan bizi duen egoerak elkarrekin mobilizatzera eramango ditu bihar, Amurrion —San Jose biribilgunetik abiatuta—, enpresa batzordeek eta SOS Aiaraldea plataformak antolaturiko manifestazioan. Deialdira, beharginak ez ezik, Aiaraldeako biztanle oro ere dago deituta. Izan ere, denera, 309 lanpostu daude jokoan 2024an 34.304 biztanle zituen Arabako kuadrillan.
Aipatzekoa da Maderas de Llodioren kasuan, EAEko Auzitegi Nagusiak atzo bertan esan zuela "bidegabeak" izan direla 35 beharginen kaleratzeak. Izan ere, kanporaketen atzean ekoizpen eta antolaketa kontuak zeudela adierazi zuen enpresak, besteak beste produkzioa taldearen beste planta batzuetara eramateko asmoa, baina auzitegiaren ustez arrazoiok ez daude behar bezala egiaztatuta. Langile batzordeak gaur eginiko agerraldian "egokitzat jo" du sententzia. Mikel Trujillo LABeko delegatuak adierazi duenez, auzitegiak "sakon" aztertu ditu sindikatuek aurkeztutako dokumentuak, eta epaia ez du baldintzatu Lan Ikuskaritzaren txostenak, zeinak "kontraesanak zituen hainbat alderdi garrantzitsutan". Epaia ikusita, kaleratutako langileak berriz ere onartzeko exijitu dio langile batzordeak Grupo Carnicari, kaleratzeak automatikoki baliogabetzen ez badira ere, erabakiak aukera legala zabaltzen diolako enpresari langileak bueltan hartzeko.
Tubos Reunidosen kasuan, enpresa batzordeak beste manifestazio bat egingo du ostiralean mobilizazio bateratuaren aurretik. Lantegiaren sarrera-zubian hasiko da, eta Udaletxe aurrean amaitu, non Txerra Molinuevo Amurrioko alkatearekin bilduko diren, sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dutenez.