Tubos Reunidosek 40,6 milioi euroko irabaziak izan ditu 2024ko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %25 gutxiago. Gaur eman ditu konpainiak urteko lehen sei hilabetetako emaitzen berri, eta 172,7 milioi euroko negozio zifra erdietsi du, iaz baino %51,9 gutxiago. EBITDA 5,3 milioi eurokoa izan da. 2023ko epe berean, aldiz, 86,9 milioi eurokoa izan zen.
Taldeak adierazi duenez, eraginkortasunean hobekuntza izan dute, ziurgabetasunaz betetako merkatu batean, eta nazioarteko eskaria nahiko geldirik dagoela azaldu du. Halaber, zorra 62,1 milioi eurotan murriztu du, 220,3 milioi eurotaraino, 2023 amaieran, 282,4 milioi eurokoa zenean.
Tubos Reunidosek Amurrioko eta Trapagarango lantegietako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEE) abendura arte mantentzeko asmoa duela ere iragarri du. Eskaera-zorroa, lehen seihilekoaren amaieran, 2023ko itxieraren antzeko mailan kokatu dela esan dute, eta datozen hilabeteetan eskaeren sarreren aurreikuspenak ikusita, aldi baterako lan-erregulazioa mantenduko du taldeak.
Emaitzen beherakadari dagokionez, soldadurarik gabeko hodien merkatua “sektore izugarri ziklikoa” dela adierazi du taldeak, eta “moteltze-fase horietako batean” daudela dela argitu dute.