Irunen eta Hondarribian uren eta hondakinen kudeaketaz arduratzen den Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) enpresako langileek lehen greba eguna hasi dute astelehen honetan; lanuzteak “jarraipen zabala” izan du, ELA sindikatuaren arabera. Elkarretaratzeak, auto-karabana bat eta pikete informatiboak izan dira bi herrietan.
ELAk gogorarazi duenez, mobilizazioak uda aurretik hasi ziren, eta, horren aurrean, enpresaren zuzendaritzak hitzarmen berria negoziatzea oztopatu zuela uste dute. Langileen aldarrikapen nagusien artean, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, KPItik gorako soldata igoerak, plusak, baimen eta lizentzietan hobekuntzak, lan bajetan %100eko osagarria eta azpikontratazioa mugatzea daude.
Sindikatuak salatu du enpresak negoziazioak “atzeratu eta oztopatu” dituela hasieratik eta “oso larritzat” jo du ekainaren 13ko azken bileran gertatutakoa. Izan ere, ELAren arabera zuzendaritzak “negoziazioa edukiz hustu” eta funtsezko gaiak kanpoan utzi zituen, soldatak kasu. Sindikatuak azpimarratu du langileen soldatak “oso urrun” daudela Irungo Udaleko soldatetatik.
ELAk “edukiz, errespetuz eta arduraz” beteriko negoziazioa eskatu du eta Irun eta Hondarribiko udalei prozesuan inplikatzeko eskatu die. Aurrerapausorik ez dela eman ikusita, sindikatuak greba egun gehiago iragarri ditu azaroaren 25, 26, 27 eta 28rako, eta ohartarazi du mobilizazioak areagotu egingo direla akordiorik lortu ezean.