Uber martxan da Donostian

Konpainiak atzo jakinarazi zion asmoa udalari. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako VTC lizentziak erabiliko ditu horretarako

Uberren egoitza nagusia | Argazkia: iStock
Uberren egoitza nagusia | Argazkia: iStock
2026eko otsailaren 18a - 10:35

Uber aplikazioan sartzen den Donostiako edonork sorpresa emango du gaur goizean, bidaia bat eskuratzeko aukera izango baitu. El Diario Vasco eta EITBk iragarri dutenez, atzo bertan jakinarazi zion Uberrek Donostiako udalari Gipuzkoako hiriburura salto egiteko asmoa zuela, eta gaurtik bertatik zerbitzua eskainiko zuela. Momentuz, hiri barruko zerbitzua eta Donostiara joan-etorriak egitea eskainiko duela iragarri du, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako VTC lizentziak erabilita. 30 auto elektrikoko flota izango du momentuz horretarako.

 

Felipe Fernandez Aramburu Uberrek Espainian eta Portugalen duen zuzendari nagusiak esandakoaren arabera, "taxiaren, tokiko enpresa-sarearen eta administrazioaren eskutik" lan egiteko asmoa dute, "Donostian garraio segurua eta fidagarria eskaini" asmoz. Gainera, %100ean elektrikoak diren ibilgailuen alde egin izanak "mugikortasun jasangarriaren aldeko" apustua indartzen duela defendatu du.

Ez da Euskal Herrira iritsiko den lehen VTC zerbitzuko konpainia. Cabify izan zen pausoa lehena ematen Bilbon. Ekainetik eskaintzen du zerbitzua. Udazkenean, berriz, Bolt iritsi zen Iruñea eta Iruñerriko herriak konektatzeko. 

 

Uberreko apparen bitartez eskatu ahalko da zerbitzua. Era berean, taxi bat eskatzeko aukera ere eskainiko du Uberrek berak bere aplikaziotik.

Donostiako Udalaren errekzioa

Donostiako Udalak Uberri eskatu dio bere zerbitzuaren erregulazio bat martxan jartzeko, erabiltzaileei "ziurtasun juridikoa" eskaini ahal izateko. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiari lizentzien gaineko informazioa eskatu diola azaldu Olatz Yarza zinegotziak.

Udalak Uberreko ordezkariekin bilera bat egiteko asmoa ere adierazi du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan direla jakinarazi du. Hala, alde guztiak elkarlanean aritzeko konpromisoa azaldu du Yarzak. "Uberren etorrerak, Donostia ez ezik, Gipuzkoako udalerri guztiak ere errealitate berri baten aurrean jartzen ditu, eta errealitate hori aztertzea eta kudeatzea dagokigu. Jakin bagenekien halako zerbitzuak noizbait iritsiko zirela, eta gure lehentasuna donostiarrei ziurtasun juridikoa ematea da", gaineratu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, halaber, adierazi du Uberrek eskainiko dituen zerbitzuen "lege-bideragarritasuna" aztertuko duela. Azahara Dominguez mugikortasun diputatuak aitortu du ez zutela zerbitzua gaur abiatuko zutenaren berririk.