Ulmak 1.238,9 milioi euroko salmentak egin zituen 2025ean, urtebete lehenago baino %7,6 gehiago. Kooperatiba taldeak batzar nagusia egin du gaur goizean Oñatin (Gipuzkoa) eta iazko ekitaldiko kontuak onartu dituzte bertan.
Merkatuetako hegazkortasunak, Estatu Batuetako muga-zergen politikak eta tentsio geopolitikoek baldintzatutako ekitaldian, Ulmak ondorioztatu du “hazkunde iraunkorrerako gaitasuna” izan duela, bere eredu kooperatiboan eta dibertsifikazio sektorialean oinarrituta.
211,2 milioi euroko ebitda izan du taldeak, iazko ekitaldian baino %6,4 gutxiago, eta orotara, 94,8 milioi euroko irabaziak izan ditu, iaz baino %13,7 gutxiago. Irabazien jaitsiera ziurgabetasun egoeraren eta Ipar Amerikako muga-zergen politikaren ondorio izan dela azaldu dute.
Hori bai, taldeak iaz jarduera handitu zuen Espainiako merkatuan, eta bertan egin ditu salmenta guztien %31. Dena den, Ulmaren diru-sarreren %69 kanpoko merkatuetatik datoz, batez ere Europatik.
“Ekitaldi honetako emaitzek erakusten dutela gure proiektuak indarra duela eta testuinguru bereziki exijente batean aurrera egiten jarraitzeko gai garela, epe luzera bideratuta dagoen eredu kooperatibo sendo batean oinarrituta”, adierazi du Aitor Ayastuy Ulma taldeko zuzendari nagusiak.
Halaber, goizeko batzarrean nabarmendu dute taldeak Europako Inbertsio Bankuarekin 45 milioi euroko finantzaketa akordio bat sinatu izana. Diru hori berrikuntzarekin,eraginkortasun energetikoarekin eta jasangarritasunarekin lotutako egitasmoak bultzatzeko dela azaldu du kooperatiba taldeak.
“Inbertsioak egiteko ahalegin handiak egin ditugu beti eta gure finantza egitura indartu dugu, gure hazkunde prozesuetan aurrera egiten jarraitzeko eta jasangarritasun, berrikuntza, modernizazio eta nazioarteko hedapenaren arloetan funtsezko inbertsioak bizkortzeko”, esan du Ayastuyk.
Horrekin batera, Ulmak 336 kontratazio berri egin ditu 2025ean, eta orotara 6.083 laguneko lantaldea du egun.