Ulma proiektua bederatzi kooperatibek osatzen dute, "hautuz" elkartu direnak proiektu sozioenpresarial partekatua bultzatzeko. Estrategia batzuk taldetik bertatik sustatzen dira. "Horietako bat da euskara politika", adierazi du Ibon Calvo Ulma taldeko presidenteak. Zehazki, 1990eko hamarkada hasieran, talde bezala formalizatu zenean, jarri zen martxan euskara politika eta geroztik horrek jarri du norabidea gure hizkuntzaren kudeaketari dagokionez. "Talde mailan estrategiak ezartzen dira, oinarrizkoak. Euskal herriko lan zentro guztiak iritsi behar dira maila horretara, eta hortik aurrera bakoitzak aukera du lanketa sakonagoa egiteko". Bestela esanda, euskara plan orokorra du taldeak, UTEB Ulma Taldeko Euskara Batzordeak landutakoa, eta ondoren negozio bakoitzak bere plan eta euskara batzorde propioak ditu. Kooperatiba bakoitza independentea delako ez soilik negozio erabakiak hartzeko, baizik eta oinarrietatik harago euskararekin ere zer-nola funtzionatu nahi duen hautatzeko.
Ibon Calvo: "Euskara-politikan, talde mailan estrategiak ezartzen dira, oinarrizkoak. Euskal herriko lan zentro guztiak iritsi behar dira maila horretara, eta hortik aurrera bakoitzak aukera du lanketa sakonagoa egiteko"
Presidente karguan zazpi urte beteko dituen Calvori gure hizkuntzaren kudeaketa Ulma barruan nola gertatzen den "oso interesgarria eta berezia" iruditzen zaio. "Alde exekutiboa ukitzen du, gauzak egin behar direlako, eta gurutzatzen gaituen zerbait delako. Baina sozialki ere langileek sentitzen dute bultzatzeko behar hori". Euskara batzordeen osaera bera da horren erakusle. Boluntarioak daude batetik —langileak, bazkideak, eta parte hartu nahi dutenak oro har— eta bestetik kudeatzaile edo zuzendariak. Alegia, proiektua osatzen duten profil guztietako ordezkariak. "Talde mailakoak diren politika finantzarioan, komunikaziokoan edo pertsonenean, arlo sozial hori ez dago", azpimarratu du.
Kontratazioetan, erabileran zein harremanetan gako
Une honetan, Ulmako euskara ulermen maila %85,6koa da orotara. Ahozko neurketari dagokionez, erabilera %55ekoa da talde mailan batez bestekoari erreparatzen badiogu. Datua testuinguruan jartzeagatik: Oñatin, taldeak egoitza duen herrian, euskararen erabilera %71,5ekoa da, eta Debagoiena osoan %45ekoa.

Euskara planeko ekintzak "nahiko argi" ditu Ulmak. Esaterako, kontratazio berrietan, eskakizunen artean, euskara egon behar da, batez ere zenbait profiletan. "Lanpostu estrategikoetan, erakundean eragin handia dutenak, garrantzitsua da euskaraz hitz egiten jakitea". Tartean, lehendakaria bazara. "Ekitaldietara-eta noanean, ahal heinean, badakit euskaraz egin behar dudala beti". Euskara eskatu ez ezik, horren erabileraren jarraipena ere egiten dute. Beste profil batzuetan, berriz, euskaraz ez badakite, formazio-plana eskaintzen diete. Promoziorako zenbait lanpostuetan ere, euskara jakitea ezinbesteko betebeharra da Euskal Herriko zentroetan.
Kontratazio berrietan, eskakizunen artean, euskara egon behar da, batez ere zenbait profiletan. Erabilera bultzatzea eta sentsibilizazioa egitea ere badira euskara planean jasotako lerroak
Erabilera bultzatzea eta sentsibilizazioa egitea ere badira euskara planean jasotako lerroak. Eta baita harremanetan gure hizkuntza erabiltzea ere. Barnera begira komunikazio guztiak elebitan egiten ditu Ulmak, eta hitzaldi edo batzarretan ere euskararen presentzia zaintzen da. %65etik gorako erabilera da euskararena, gutxi gora behera. "Gure bazkide guztiek dakite hori horrela dela, asko Euskal Herritik kanpokoak izanik ere. Garen tokikoak gara". Hala ere, bada faktore bat zeinetan euskara zaintzea ez den hain gakotzat jotzen: "Ulmako bezeroen %95 inguru mundu mailakoak dira, eta kasu horietan gaztelera, ingelesa... erabiltzen ditugu".
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Enpresa baten baino gehiagotan gertatzen da hori, eta horietako asko Indeusen parte dira. Ulma berak ere parte hartzen du SPRItik sustatutako egitasmoan. "Ez daude foro asko zeinetan arazo eta zailtasun berdinak ditugun negozioak elkartu gaitezkeen, eta horregatik gaude hor". Praktika onak eta funtzionatu dezaketenak partekatzea "aberasgarritzat" jotzen du Calvok, izan besteenak entzutea, izan norberarenak partekatzea. "Gauzak eskatzerako orduan —software edo aplikazioak kasu— elkarrekin joateak laguntzen digu gure eskaerak hobeto iritsi eta jaso daitezen".
Nortasuna bai, eta lehiakortasuna?
Ulmak euskarara hurbiltzeko eta hura kudeatu eta garatzeko duen moduak lotura du, beraz, taldearen eta hura osatzen duten kooperatiba bakoitzaren izaera eta nortasunarekin. "Harro gaude, eta euskara bultzatu eta babestu nahi dugu". Kooperatiba bezala duen erantzukizun sozialarekin ere zerikusia du, baita Oñati edo Debagoienak duten izaerarekin ere. Izan ere, proiektua Oñatira oso errotuta dagoela nabarmendu du Calvok. "Oiartzuarra naiz berez. Kanpotik etorri naizenez, argi ikusten dut Oñati arnasgune argia dela. Bailaran orokorrean euskara asko entzuten da, baina Oñatin bereziki".

Aitzitik, zein puntura arte ulertzen du Ulmak euskara lehiakortasuneko elementu gisa? "Ez dakit argi erantzuten lehiakortasuna hobetzen duen edo ez. Ulma barruan ez gara guztiz gai izan oraindik hori neurtzeko, baina saiatzen ari gara. Eztabaida hori oso-oso gertutik bizi dugu, etengabeko elkarrizketa bat delako gurean", adierazi du Calvok. Hala ere, argitu du, "uste dugu maila politiko-instituzionalean oso argi dugula hori sustatu behar dela esan ditudan arrazoi guztiengatik, eta kooperatibei emaitza batzuk exijitu behar zaizkiela; harreman mailan jendeak zer hizkuntza erabiltzen duen, berriz, jendearen hautua da".
Ibon Calvo: "Ez daude foro asko zeinetan arazo eta zailtasun berdinak ditugun negozioak elkartu gaitezkeen, eta horregatik gaude Indeusen"
Hizkuntzen kudeaketa, baina, bada Ulmaren ikuspegitik lehiakortasunerako faktore argia, zuzen-zuzenean bezeroekin lotura duen elementu bat delako. "Kulturaren kudeaketa da oro har. Kultura ezagutu behar duzu, herrialdea ere bai, eta noski, sektorea. Eta horren barruan, parte bat hizkuntza ere bada. Baina gazteleraz hitz egitea Espainian, Mexikon edo Txilen guztiz desberdina da".
Datorrena
Calvok uste du euskarak enpresan duen indarra talentua erakartzeko epe labur edo ertainean abantaila izan daitekeela Ulmarentzat. "Orain erakarri nahi dugun talentua ingurukoa da, eta kontratatzen ditugun pertsonek euskara ulermen eta jakintza maila oso altua dute. Are gehiago, askorentzat hori plus bat da", adierazi du. Hala ere, denborarekin hori ere aldatzen joan daitekeela sumatzen du. "Epe ertain-luzera erronka da euskararen gaia nola kudeatu, erakarriko ditugun pertsonak urrutiagotik etorriko direlako". Ez da ari soilik hizkuntzaz, ordea. "Kultura oro har eta balio kooperatiboak zehazki partekatzea desafioa izango da, eta horri erantzun beharko diogu". Dena den, aukerak ikusten ditu Calvok, Ulmari bere berezitasuna onartzen eta aitortzen diotelako.
Ibon Calvo: "Epe ertain-luzera erronka da euskararen gaia nola kudeatu, erakarriko ditugun pertsonak urrutiagotik etorriko direlako"
Edozein kasutan, gizarte mailan gertatzen den horren isla ere ikusten ari dira Ulman. "Elebidunak gara gehiengo handi batean, eta horrek ere gaztelerara jotzera eramaten du jende asko".