ADI Revolution marketin digital enpresaren sortzaileek EGIA jarri dute martxan, LinkedIneko edukien irismena profesional adituen bidez handitzeko plataforma.
Enpresek gero eta eduki gehiago argitaratzen dituzte, baina ikusgarritasun handiagoak ez du beti konfiantza handiagoa sortzen. Testuinguru horretan sortu dute Urko de la Torrek eta Ian Blancok EGIA, B2B (business to business, enpresatik enpresara) influencer marketinerako lehen plataforma. Enpresak eta sektorean autoritatea duten profesionalak konektatzen ditu tresnak.
Biek hamar urte baino gehiagoko esperientzia dute industria munduko B2B marketinean. EGIAren erregistroa zabalik dago iragarleentzat zein preskriptoreentzat, eta enpresa eta erakundeetako profesionalak batzen ari dira jada.
EGIAren ideia 2022an sortu zen, AEBetan egindako lan baten ondoren. Zer ikusi zenuten han, eta zergatik erabaki duzue orain martxan jartzea?
AEBetan B2B influencer marketineko estrategia bat ezartzeko aukera izan genuen. Orduan ikusi genuen B2C (business to consumer, enpresatik kontsumitzailera) eredua B2B ingurunera ere egokitu zitekeela. Ideia ordutik genuen buruan, baina merkatuak heldutasun handiagoa behar zuen.
Gaur egun B2B sektorearen heldutasunak edukien gainkarga ekarri du. Lehia ikusgarritasuna lortzera bideratu da: nork argitaratzen duen gehiago, nork sortzen dituen bideo, irudi edo mezu gehiago. Gehiegizko esposizio horri sinesgarritasuna falta zaio. Ez luke irabazi behar gehien hitz egiten duenak, konfiantza handiena sortzen duenak baizik.
Marka batek bere buruari buruz esaten duenak ez du beste profesional baten gomendioak adinako sinesgarritasuna. Horregatik, enpresa munduko gomendioak ingurune digitalera eraman nahi ditugu.
Nola funtzionatzen du plataformak praktikan?
Enpresak LinkedInen argitaratutako mezu bat aukeratzen du, zer audientziarengana iritsi nahi duen zehaztu eta aurrekontu bat ezartzen du. Ez du eduki berririk sortu behar.
EGIAk kanpainarekin bat datozen profesionalak identifikatzen ditu, eta bakoitzak erabakitzen du parte hartu nahi duen. Parte hartuz gero, argitalpenari "atsegin dut" eman edo iruzkin bat idazten dio. Ez du eduki propiorik sortu behar enpresarentzat.
Nola neurtzen duzue profesional baten eragina, jarraitzaile kopurura mugatu gabe?
Alta ematean, profil bakoitza aztertzen dugu: zer sektoretan duen eragina, zertan den aditua eta zer karguk osatzen duten haren LinkedIn komunitatea. Plataformak analitika egiaztatu eta afinitatea neurtzen du.
Ez dugu influencer on edo txarrez hitz egin nahi. Profil bat egokia izan daiteke kanpaina baterako, eta desegokia beste baterako. Enpresek interakzioak baloratu ahal izango dituzte; informazio horrekin algoritmoa findu eta profesional bakoitzaren autoritate eremua zehaztuko dugu.
"Sinesgarritasuna eskaintzen badugu, gardentasuna defendatu behar dugu"
Interakzioa ordaindua bada, ez al dago publizitate ezkutua egiteko arriskurik?
Lege arloko hainbat bulegorekin aztertzen ari gara ordaindutako interakzioak nola identifikatu behar diren. Araudiak hala eskatzen badu, “publi” gisako etiketa edo bestelako ohar bat txertatuko dugu. Sinesgarritasuna eskaintzen badugu, gardentasuna defendatu behar dugu.
Sektorearen autorregulazioan ere konfiantza dugu. Zuzendari baten prestigioa jokoan dago, adibidez, eta ez du edozein markarekin elkarlana egingo. Hala ere, plataformak erabilera desegokiak antzemateko kontrolak izango ditu.

Zein da EGIAren negozio eredua?
Profesionalarentzat erabilera doakoa da, eta interakzioengatik ordainsaria jasotzen du. Dirua banku-kontuan jaso, bere enpresak kanpainetan erabiltzeko saldo bihurtu edo gizarte-erakunde bati eman diezaioke.
Enpresek aurrekontu bat ezartzen dute kanpaina bakoitzean. Profesionalek interakzioak egin ahala, saldoa murrizten da. Enpresak erabakitzen du kanpaina indartu, berraktibatu edo noiz amaitu.
Zein dira proiektuaren lehen urteko helburuak?
Espainiako lehen harrerarekin pozik gaude. Hurrengo urratsa Europara zabaltzea da. Enpresa batek bere jatorrizko merkatuan urteetako ibilbideari eta harreman komertzialei esker eraikitzen du sinesgarritasuna bide batez. Atzerriko merkatu batera iristean, ordea, ez du konfiantza sare bera, eta hori da landu nahi duguna.
Hor dago EGIAren balio nagusietako bat: enpresei merkatu berrietan tokiko profesionalen babesa lortzen laguntzea, nazioartean sinesgarritasuna eraiki eta bezeroengana konfiantza handiagoz iristeko.
Bestalde, profesional askori dagoeneko influencer direla ikusarazi nahi diegu. Sektore batean esperientzia duen profesional batek eragina du, bere burua influencer gisa ikusten ez badu ere.
Zein da orain oztopo nagusia?
Bolumena. Plataformak nahikoa profesional eta enpresa behar ditu erabilgarria izateko. Horregatik, EGIA gidatuko duen pertsona baten bila ari gara, estrategia komertziala, hazkundea eta nazioarteko eskalatzearen kudeaketa gidatzeko.
B2Bn pertsonak pertsonengan fidatu izan dira beti. Milioi bat euroko makina bat erosteko erabakia ez da iragarki baten ondorioz hartzen: erreferentziak eskatzen dira eta beste profesionalen esperientzia kontuan hartzen da. EGIAren asmoa, hain zuzen, offline dagoen dinamika hori ingurune digitalera eramatea da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta