• ENPRESAK GAUR
  • Urriaren 27an egingo dira EAEko Merkataritza Ganberetako hauteskundeak

Urriaren 27an egingo dira EAEko Merkataritza Ganberetako hauteskundeak

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztiak daude deituta hauteskunde hauetan parte hartzera, guztiak baitaude ordezkatuta EAEko Merkataritza Ganberetan

Mikel Arieta-Araunabeña eta José Ignacio Zudaire, Bilboko Merkataritza Ganberako ordezkariak| Argazkia: Bilboko Ganbera
Mikel Arieta-Araunabeña eta José Ignacio Zudaire, Bilboko Merkataritza Ganberako ordezkariak| Argazkia: Bilboko Ganbera
2026ko irailaren 10a - 13:49
Eg. 2026ko irailaren 10a - 15:14

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberetako gobernu organoak berritzeko hauteskundeak egingo dira urriaren 27an, eta oraindik behin betiko datarik ezarri ez den arren, presidente eta Batzorde Exekutiboaren hautaketa azaroaren 19an egingo da ziurrenik.

 

Atzo, asteazkenez, argitaratu zen EHAA Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritza sailburuordearen 2026ko irailaren 1eko Ebazpena, zeinak merkataritza ganberen organoak berritzeko hauteskundeetarako deia jasotzen duen.

EAEko hiru ganberek ohar bidez jakinarazi dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa guztiak daude deituta hauteskunde hauetan parte hartzera, guztiak baitaude ordezkatuta EAEko Merkataritza Ganberetan. Enpresek Osoko Bilkurako kideak hautatzeko parada izango dute, baita hautatuak izateko ere.

 

Arabako Ganberak 29.004 hautesle ditu, hamar taldetan banatuta: 760 energia eta ura, produktu mineral ez energetikoak eta industria kimikoa taldekoak dira; 1.126 metalen transformazio industria, doitasunezko mekanika taldekoak; 1.239 beste manufaktura-industria batzuetakoak; 4.053 eraikuntza taldekoak; 1.365 handizkako merkataritzakoak; 4.549 txikizkakoak; 2.858 elikadura, ostatu eta konponketa zerbitzukoak; 1.883 garraio eta komunikazio taldekoak; 2.384 finantza erakunde eta aseguru taldekoak; eta 8.787 beste zerbitzu batzuenak.

Bilboko Ganberak lau ataletan banatutako 89.971 hautesle ditu: 29.866 merkataritza eta ostalaritza sektorekoak dira, 37.330 zerbitzuetakoak, 22.554 industriakoak eta 221 nabigazio sektorekoak.

Gipuzkoakoak, azkenik, 73.309 hautesle ditu bost taldetan banatuta: 4.720 industria eta energia sektorekoak dira, 8.837 eraikuntzakoak, 17.522 merkataritza eta ostalaritzakoak, 3.055 nabigazio eta garraio sektorekoak, eta 39.175 zerbitzuetakoak.

Gaurtik irailaren 23ra arte, hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain