Valca: arrakasta zirudien porrota

Valcak argazkigintza materialak eta material erradiografikoak ekoizten zituen. Hazkunde puntu altuenean zegoela erori zen

Valcaren fabrika, 1985ean | Argazkia: utzitakoa
Valcaren fabrika, 1985ean | Argazkia: utzitakoa
2026eko otsailaren 9a - 05:30

Espainia Gerra Zibilean murgilduta zegoenean, zehazki frankistek Euskal Herria kontrolpean hartu bezain laster, Sociedad Española de Productos Fotográficos VALCA sortzeko ideia izan zuten ingeniaritzaren, energia hidroelektrikoaren eta beiraren fabrikazioaren sektoreekin zerikusia zuten bost enpresari bilbotarrek. José Luis Oriol, José Mª Basterra, Isidoro Delclaux, Leandro José Torrontegui eta Emilio Usaola ziren, eta zuzendaritzan egon ziren 1992an enpresak porrot egin zuen arte.

 

Enpresari horiek nondik zetozen jakitea gako da garai horretan izan zuten arrakasta ulertzeko. Batetik, “Falangista, errekete karlista eta ultrakatoliko gisa borrokatu ziren”, hau da, “militante ideologikoak” ziren, eta bestetik, "negozio gizonak" ziren, eta guztiek harreman estua zuten Bizkaiko Bankuarekin, Bilboko Portuko Obra Batzordearekin eta Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberarekin. Halaxe kontatu dio EnpresaBIDEAri Javier Gonzalez de Duranak. EHUko irakaslea eta Zarautzeko Photomuseumean Valcari loturik egin duten erakusketaren komisarioa da bera, otsailaren 13ra arte ikusgai izango dena. 

Enpresa 1940an eratu zen legez, Sopeñanon, Menako Haranean, Burgosen, eta 1944an merkaturatu zuten lehen produktua

Gauzak horrela, argazkigintzarako materiala fabrikatzeko helburua zuen enpresaren aurreproiektua 1938-39an eratu zuten, eta 1939ko abuztuan aurkeztu zioten Industria Ministerioari, Espainiako gerra amaitu berritan, eta Europako gerra hastear zela. Erakusketaren komisarioak azaldu duenez, aurreproiektuaren lehen orrialdean, zehatz-mehatz arrazoitu zuten etorkizunari begira herrialdeak fabrika horren premia zuela, "gerra-industria" gisa balio handia izango zuela argudiatuz. Ondoren, noski, horien produktuek etxeetan eta arlo profesionalean erabilgarritasun handia izango zutela azaldu zuten, baita X izpiek osasunaren arloan zuten funtzio garrantzitsua ere. 

 

Enpresa 1940an eratu zen legez, Sopeñanon, Menako Haranean, Burgosen, eta 1944an merkaturatu zuten lehen produktua. Produktu hori argazki-material sentikor negatiboa izan zen, beirazko euskarri baten gainean osatutako plaka pankromatikoen fabrikazioekin. Garai hartan bakarrak ziren herrialdean eta erabilgarriak ziren argazkigintzako zein arte grafikoetako profesionalentzat. Handik gutxira, argazki-papera egiten hasi ziren, eta, geroago, hainbat motatako pelikulak egin zituzten: film zinematografiko positiboa, erabiltzaile hasi berrientzako filmak edota film erradiografikoa (X izpiak) ospitaleak hornitzeko, besteak beste.

Harremanak eta loturak, hazkunderako gako

Hasieran, tokiko enpresa txiki bat zen Valca, Menako zein Enkarterriko (Bizkaiako) langileei lana ematen ziena, baina sortzaileen botere-harremanen eta ekoizten zituzten produktuen esklusibotasunaren ondorioz, haren produktuak azkar hedatu ziren Espainia zein mundu mailan. Botere-harreman horiez baliatu zen batez ere lehen urtetan; izan ere, herrialdean sartzen ziren atzerriko produktuei muga-zerga handiak ezartzeko eskatu zion Espainiako gobernuari, bazekitelako ez zituztela eskainiko Agfa, Kodak, Ilford, Gevaert eta atzerriko beste ekoizle batzuenak baino teknologia edo prezio hobeak. Garai hartan, berrikuntzaren aldeko apustua egin beharrean, fabrikatzeko gai ziren produktuen kalitatearen alde egitea erabaki zuten. Bestalde, Guilleminot enpresa frantsesa hartu zuten eredu gisa, akzioen %10en truke produkzio-teknikei buruzko aholkuak eta ezagutzak eskuratzeko.

Botere-harremanekin jarraituz, Gonzalez de Duranak azaldu moduan, "Estatuaren babesa izan zuen enpresak uneoro". José Luis Oriol enpresaburuaren semea, Antonio Oriol, Valcaren bezero ziren hainbat erakunde garrantzitsuren burua zen. 1956an, Auxilio Socialeko zuzendari eta Espainiako Gurutze Gorriko lehendakari izendatu zuten. Justiziako ministro ere izan zen 1965-1973 bitartean, Francok Estatuko Kontseiluko lehendakari izendatu zuen arte. Gainera, Insaludekin (Espainiako Osasun Institutuarekin) akordio batera iritsi zen Valca, Espainiako ospitaleak material erradiografikoz hornituko zituen enpresa izateko.

Javier Gonzalez de Durana: “Estatuaren babesa izan zuen enpresak uneoro”

Horrela, enpresak oinarri ekonomiko sendoa eraiki zuen eta, film erradiografikoak ardatz, nazioarteko merkatura irteteko pausoa eman zuen. 1960ko hamarkadan hasi zen Europan agertzen, kalitate eta prezio aldetik funtzionamendu aurreratuagoa zuten herrialdeetan lehiatuz. 1965ean Frantziara hedatu zen, eta handik gutxira Ekialde Ertainera eta Latinoamerikara. AEBeko osasun-sektorean 1981ean sartu zen, Chicagon egindako AEBko Kongresu Erradiologikoan aurkeztu zenean. 1985ean bere hedapen handiena eta etekin ekonomiko handienak lortu zituen.

exportaciones
Valcak 1984ean bere produktuak esportatzen zituen herrialdeen mapa. Argazkia: utzitakoa

Espainiaren demokratizazioa, Valcaren agurra

Erakusketaren komisarioaren esanetan, kausak anitzak izan ziren eta gehiengoek Espainiaren demokratizazioarekin izan zuten zerikusia. Alde batetik, Estatuaren Autonomien antolaketak osasun eskumena 17 arduradun autonomikori besterendu zieten eta, horiek, beste hornitzaile batzuengana jo zuten lehen Valcak saltzen zizkien produktuak eskuratzeko. Beste alde batetik, Espainia Europako Merkatu Bakarrean sartzeak kanpoko produktuen zirkulazio askea ahalbidetu zuen, prezioen lehia nabarmen areagotuz. Horrez gain, hainbat zor garrantzitsu izan zituzten atzerrian, eta maneiatzen zuten teknologia ez zenez nahikoa aurrerakoi, ezin zuten produktu berritzailerik ekoiztu. Beraz, 1985ean urterik errentagarriena bizi ondoren, galerez beteriko sei urte bizi zituzten eta 1992ko urtarrilaren 22an, Bilboko Auzitegian, ordainketen etenaldia eta kaudimengabezia aurkeztu zuten.

Bilbotik, Balmasedatik edota ondoko herrietatik jendea joaten zen fabrikara lanera, eta ez zegoen Mena Haranean Valcan lan egiten zuen lagun edo seniderik ez zuenik

Gonzalez de Duranak azpimarratu duenez, 5.000 biztanleko Mena Haranean, Valcak 500 lanpostu zituen. Bilbotik, Balmasedatik edota ondoko herrietatik jendea joaten zen fabrikara lanera, eta ez zegoen Mena Haranean Valcan lan egiten zuen lagun edo seniderik ez zuenik. Ehunka pertsonen bizitzen ardatza izan zen 50 urtez. Horregatik, bailarako biztanleentzat “sekulako drama pertsonal zein soziala” suposatu zuen enpresaren porrotak: “Manifestazioak, polizia-kargak eta zaurituak egon ziren, eta urtebetez langileek fabrikara joaten jarraitu zuten, indarberrituko zelakoan, nahiz eta jabeek jada alde egin zuten”.