Vicrilak, beira tenplatuzko kopa eta edalontzien fabrikatzaileak, 135 urte bete ditu, nazioarteko garapena eta jasangarritasuna ardatz dituen etorkizunari begira. 1890ean Lamiakon (Bizkaia) sortutako familia-enpresak 230 langiletik gora eta 50 milioi eurotik gorako fakturazioa ditu, eta salmenten %40 esportazioei dagokie, Europa, Amerika eta Asiako merkatuetara, hain zuzen ere.
Urteurrenaren harira, Imanol Pradales lehendakariak lantegia bisitatu du gaur, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Iban Rodríguez Leioako alkatea, Mikel Jauregi Industriako sailburua eta Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuarekin batera. Bisitan zehar, konpainiak azken urteotan egindako 17 milioi eurotik gorako inbertsioak ezagutu dituzte, ekoizpen-prozesua modernizatzeko eta eraginkortasuna handitzeko; horien artean daude produktuaren kalitatea kontrolatzeko kamera bereziz hornitutako sistema berria eta kopa teknikoagoentzako eta konplexuagoentzako ekoizpen-lerro bat.
Enpresak teknologia aurreratuak txertatu ditu bere labe eta kontrol-sistemetan, eta ekonomia zirkularraren aldeko konpromiso irmoa hartu du: hondar-beira birziklatzen du eta inguruko industria-konpainiekin elkarlanean ari da, ekoizpen-prozesuan sortutako beroa berrerabiliz lurruna sortzeko.
Etorkizunari begira, Vicrilak nazioarteko hazkundean jarri du fokua, Europan duen posizioa sendotzeko eta Ameriketan zein Asian jarduera zabaltzeko asmoz. Gaur egun 300 erreferentzia baino gehiago ditu bere katalogoan, eta bi produktu-lerro nagusi: Elytium, premium merkaturako, eta Hostelvia, erabilera intentsiborako. 135 urteko ibilbidearekin, Vicrila EAEko enpresarik zaharrenetako bat da, eta beira-sektorean kalitatearen eta berrikuntzaren erreferente bihurtu da.