• ENPRESAK GAUR
  • Vidania Films: istorio globalak euskal errotik sortzeko apustua

Vidania Films: istorio globalak euskal errotik sortzeko apustua

Donostiako ekoiztetxea lagun talde batek sortu zuen 2021. urtean. Gelditasuna ekaitzean izan zen ekoitzi zuten lehen filma

Vidania Filmseko lantaldea | Argazkia: utzitakoa
Vidania Filmseko lantaldea | Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026ko maiatzaren 24a - 05:30

Ikus-entzunezkoen sektorea etengabeko bilakaeran dago, eta testuinguru lehiakor horretan, nortasun propioa duten proiektuek lortzen dute lekua egitea. Horixe da Vidania Films gipuzkoar ekoiztetxearen kasua. Enpresa egun finkatuta badago ere, bere jatorria lagun talde baten ametsari lotuta dago. "Lagun talde batetik sortu zen Vidania Films. 2021. urtean hasi ginen ekoiztetxearekin, baina urteak generamatzan ideia horri bueltak ematen", azaldu dute taldekideek. Hasierako nukleo hori Alex Merinok, Alberto Gastesik, Alejandra Arróspidek eta Iñigo Gastesik osatzen zuten, eta gaur egun ere laurek jarraitzen dute proiektuaren norabidea gidatzen.

 

Ekoiztetxe propioa sortzeko premia sorkuntza prozesuaren jabe izateko nahiak bultzatu zuen, batez ere Singular izeneko film laburraren gidoia idatzi zutenean: "Oso inplikatuta egon nahi genuen prozesuan eta horregatik koprodukzio batean pentsatu genuen, gure ekoiztetxe propioarekin". Azkenean, lan horren ekoizpena atzeratu egin zen eta bidean Gelditasuna ekaitzean bilakatu zen euren lehen filma. Ekoiztetxearen izenari dagokionez, kasualitate baten eta nostalgiaren arteko nahasketa da: batetik, La Buena Vida talde donostiarraren disko baten izenburua da, eta bestetik, Bidania herrian igarotzen zituen txikitako udak Alberto eta Iñigoren amonak. Beraz, aldiberekotasun eta lotura emozional horretatik jaio zen Vidania zigilua.

Barne-sorkuntza eta bokazio globala

Gaur egungo merkatuan, Vidaniak oso ezaugarri berezia du, ohiko ekoiztetxeen joeratik aldentzen duena: edukiak etxe barruan sortzen dituzte. "Ezberdintzen gaituena da istorioak bulegoan sortzen direla, hau da, ez ditugu kanpoko ideiak edota gidoiak ekoizten", adierazi dute. Sukaldean lan handia dute, sormen iturria ez baitzaie agortzen: "Gure artean ideia gehiegi dauzkagu. Sortzen ditugun guztiak aurrera aterako balira, hemendik eta 30 urteetara ere lana edukiko genuke". Hala ere, ateak ez dituzte guztiz ixten eta prest daude kanpoko proposamenak jasotzeko.

 

Orain arte Vidaniak prozesu bakoitza asko mimatzearen aldeko apustua egin du, kantitatearen gainetik kalitatea lehenetsiz

Nortasun hori proiektu bakoitzean nola gorpuzten den galdetuta, argi dute ez dagoela muga generikorik, baina bai funtsezko baldintza bat: "Ez daukagu estilo zehatzik, genero guztiak gustuko ditugu. Istorioak zerbait mugitu behar du gure barnean, normalean laguntzen du gertuko zerbait izateak". Haien ustez, pertsonalak diren istorioak "zaintzeko eta emaitza polita lortzeko errazagoak" dira. Gainera, gertutasun horrek ez du mugarik jartzen, alderantziz baizik: "Gure inguruetan sortutako istorioak idazten ditugu baina beti kanpora begira; istorioak bidaiatzeko helburuarekin aukeratzen ditugu, audientzia globalak uler eta disfruta ditzan".

Talde hibrido baten egitura

Sormen eta kudeaketa bolumen horri guztiari aurre egiteko, Vidaniak egitura egonkor eta finkoa eraiki du. Hasierako lau sortzaileei Maider Donoso batu zaie bulegoan, guztira bost pertsonako lantalde sendoa osatuz. Egitekoak banatuta dituzte, bakoitzaren trebetasunen arabera: "Maider batez ere ekoizpen lanetan ibiltzen da; Alberto, Alejandra eta Alex sorkuntzan eta idazten; eta Iñigo finantzaketa eta kudeaketa lanetan". Banaketa hori argia izan arren, enpresaren izaera malgua dela aitortzen dute: "Oso talde hibridoa gara, eta apur bat kaotikoa ere bai". Malgutasun horrek, ordea, proiektuen beharretara egokitzeko eta kanpo-kontratazioak modu eraginkorrean kudeatzeko aukera ematen die film bakoitzean.

Artisautza eta teknologia berriak

Orain arte, Vidaniak prozesu bakoitza asko mimatzearen aldeko apustua egin du, kantitatearen gainetik kalitatea lehenetsiz. "Orain arte proiektu bakarra hartu dugu urtean, lan asko dago ekoizpenaren atzetik eta finantzaketa osatzea ez da batere erraza, beraz motel-motel joan gara gauzak ondo egiteko helburuarekin", azaldu dute. Hala ere, azken urteetako ikaskuntzari esker, martxa bizkortzen ari dira eta gaur egun garapen fasean dauden proiektu bat baino gehiago dituzte abian.

"Gure herriko istorioak kontatzeko ez dago lokala den ekoiztetxe bat baino hoberik"

Eguneroko jardun horretan, teknologia berriek eta adimen artifizialak paper garrantzitsua jokatzen hasi dira, batez ere lanak arintzeko orduan: "Garapen prozesuak bizkortu dituzte, adibidez, material grafikoa sortzeko, proiektua norbaiti aurkeztu nahi diogunean, erreferentziak bilatzen laguntzen digu, baita audientziak aztertzeko ere". Dena den, Vidaniaren giza irizpideak irmo jarraitzen du teknologiaren aurrean: "tresna oso potentea da, baina beti dago gure irizpidea horren gainetik, eta beti bizpahiru iturri ezberdinetik hartzen dugu informazioa".

Ekosistema konplexua eta finantzaketa

Euskal Herriko, eta bereziki Gipuzkoako, ikus-entzunezkoen ekosistema indartsu dago, baina baita erronkez beteta ere. Zerga-pizgarriek sektorea suspertu dute, baina lehia gogortu du: "Gaur egun hazten ari den ekosistema da, zerga-pizgarrien ondorioz, eta hori aho biko ezpata izan daiteke. Kanpoko ekoiztetxe handiak etorri dira gurera eta lehia horretan sartzea gero eta zailagoa da ekoiztetxe txikientzat". Egoera horren aurrean, tokiko begiradaren garrantzia aldarrikatzen dute: "Gure herriko istorioak kontatzeko ez dago lokala den ekoiztetxe bat baino hoberik".

Finantzaketak jarraitzen du izaten zinema independentearen erronka nagusia. Vidaniak finantzaketa plan konbinatuak erabiltzen ditu, bide publikoak eta pribatuak uztartuz, proiektuak ezin baitira ehuneko ehunean publikoak izan (normalean %50 eta %75 artean izaten dira). Horretarako, ohiko babesle eta erakundeetara jotzen dute: "Gure kasuan, EITB, zerga-pizgarriak, Eusko Jaurlaritza eta ICAA dira normalean erabiltzen ditugunak".

Mugarriak eta etorkizuneko erronkak

Etorkizunari begira, Vidania Filmsek hazten eta bere bidea sendotzen jarraitu nahi du, hasierako filosofiari eutsiz baina eraginkortasuna handituz. "Egonkortasunaren bila gabiltza orain, gustuko ditugun proiektuak ekoizteko aukera izaten jarraituz", adierazi dute taldekideek. Epe laburrerako erronka ere zehaztuta daukate, sormen bulegoak martxa handiagoa hartu dezan: "Urtean bi proiektu sortzea da orain gure helburua". Euskal Herritik mundura begira, istorioak kontatzen jarraitzeko indarra eta ideiak sobera dituela erakutsi du Vidaniak.