• ENPRESAK GAUR
  • Deskarbonizazioan inbertsio handia egin nahi du Vidralak

Deskarbonizazioan inbertsio handia egin nahi du Vidralak

Hala ere, sare-elektrikoaren ahalmena indartzea premiazkoa da Laudioko lantegiarentzat

Jaurlaritzak bisita egin du Laudioko lantegira | Argazkia: Irekia
Jaurlaritzak bisita egin du Laudioko lantegira | Argazkia: Irekia
2025eko uztailaren 9a - 12:29

Laudioko Vidrala enpresak, beirazko ontziak ekoizten dituenak, inbertsio-proiektua aurkeztu du gaur, Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariek lantegira egin duten bisita aprobetxatuta. Izan ere, taldeak industria jasangarriago eta errentagarriago baterako plan estrategikoa egin du, zeinaren baitan Europako bost lantegiren ekoizpen-ahalmenak birdoituko diren, helburu izanik, “merkatu zorrotzago batera egokitzea”. Aldi berean, enpresak esportazioak sustatu nahi ditu, baita Arabako lurraldearen garapen industrial eta ekonomikoarekin duen konpromisoa indartu ere.

 

Bisita instituzionalean industriaren deskarbonizazioa ere jarri da fokuan: Vidralak adierazi du deskarbonizazioan inbertsio handia egin nahi duela, eta Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuak aitortza egin dio enpresari egindako esfortzuagatik, baina, hala ere, berretsi du “sare-elektrikoaren ahalmena eta erresilientzia handitzeko premia larria” dagoela, “industria deskarbonizatzeko erritmoa bizkortu egin behar delako”. Are gehiago, ohartarazi du EAEn arriskuan jarriko dela 70.000 pertsona baino gehiagoren lanpostua sare-elektrikoaren ahalmena indartu ezean.

Bestalde, enpresako kideek eta erakunde publikoetako ordezkariek industriako ardatz estrategikoak landu dituzte, eta mahai gainean jarri dira, besteak beste, energia baldintza lehiakorretan eskuratzeko premia, industria-sarea indartzeko beharrezko laguntza publikoa, eta karbono gutxiko prozesuetarako trantsizioaren aldeko inbertsioa.