• ENPRESAK GAUR
  • Vidralak 117,4 milioi euro irabazi ditu 2026ko lehen seihilekoan

Vidralak 117,4 milioi euro irabazi ditu 2026ko lehen seihilekoan

Mozkin garbiak %8,9 handitu ditu, eta guztira 754 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu ekainera arte

Argazkia: Vidrala
Argazkia: Vidrala
2026ko uztailaren 23a - 09:01
Eg. 2026ko uztailaren 23a - 12:35

Beirazko ontziak ekoizten dituen Vidralak 117,4 milioi euro irabazi ditu 2026ko lehen seihilekoan, iazko epe berean baino %8,9 gehiago. Laudioko (Araba) enpresak 225,5 milioi euroko ebitda erdietsi, salmentekiko marjina %29,9 handituta.

 

Konpainiak ohar bidez azaldu duenez, “Europako kontsumoaren ahuleziak eta Irango gerrak sortutako presio inflazionistek baldintzatutako testuinguru konplexu batean, balantze honek eragiketa-diziplina, kostuen eraginkortasuna, inbertsio-plan anbiziotsuaren emaitzak eta hazkunde-eremu berrietara dibertsifikatzeko erabaki estrategikoen egokitasuna erakusten ditu”.

Europa hegoaldea, Erresuma Batua eta Hego Amerika ditu merkatu nagusi Arabako konpainiak, eta nabarmendu du Hego Amerikako merkatuan izan dutela berebiziko bilakaera. Gauzak horrela, guztira 754 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu ekainera arte, 2025eko lehen sei hilabeteetan baino apurtxo bat (%0,5) gehiago. Raúl Gómez Vidralako zuzendari orokorrak urte hasieraren balantze positiboa egin du: "zailtasunez betetako testuinguru honetan, 2026ko lehen seihilekoan etekinetan hazi eta gure marjinak indartu ditugu. Emaitza hau hartutako erabaki estrategikoen eta martxan dauden kudeaketa-neurrien ondorio zuzena da, eta gure negozio-ereduaren sendotasuna berresten du".

 

Urte amaierarako Vidralak helburu du 450 milioi euro baino gehiagoko ebitda izatea, eta akzio bakoitzeko irabazia %5 baino gehiago haztea.

Hein horretan, Gómezek gaineratu du "inbertsio industrialak, Hego Amerikan eraikitako lantegi berriek egindako ekarpenak, kostuak kontrolatzeko martxan dauden ekintza operatiboek eta bezeroari eskaintzen diogun balio-proposamena indartzeak” aukera emango dietela 2026rako emaitzen aurreikuspenak betetzeko, “zailtasun ugari izan arren".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain