• ENPRESAK GAUR
  • Virtualwarek nazioarteko aholkularitza batzordea handitu du

Virtualwarek nazioarteko aholkularitza batzordea handitu du

Albert Maasland izendatu du batzordeko kide berri. Crown Agents Bankeko kontseilari nagusi eta Saxo Bank UK kontseilari nagusi izandakoa da Maasland

Albert Maasland
Albert Maasland
2023ko abuztuaren 30a - 12:21
Eg. 2023ko abuztuaren 30a - 12:35

Virtualware errealitate birtualeko enpresak bere nazioarteko posizioa "indartu" nahi du. Asmo horrekin, enpresaren nazioarteko aholkularitza batzordeko kide egin du Albert Maasland. Crown Agents Bankeko kontseilari nagusi izan zen, baita Saxo Bank UKkoa ere, eta beste hainbat bankutan ardurazko postuetan aritutakoa da Maasland. Bere ekarpena, beraz, munduko banku sektorean izandako ibilbide "zabal eta nabarmena" izango da, Virtualwarek jakinarazitakoaren arabera.

 

Virtualwareko nazioarteko aholkularitza batzordeko kide berriak rol garrantzitsua izan zuen banku-zerbitzuetan mugaz gaindiko transakzio elektronikoen munduko lehen belaunaldiak abiarazten. Enpresaren ustez, horrek "industria teknologikoen barruan arrakasta bultzatzeko duen gaitasuna nabarmentzen du". Unai Extremo Virtualwareko zuzendari orokorra "pozik" agertu da izendapenarekin. Hain zuzen, espero du aholkularitza iturri "indartsu eta ezinbestekoa" izatea Maaslandena, "bere ezagutza zabala, finantzen munduan duen esperientzia, teknologiarekin zerikusia duen guztiarekiko duen grina, enpresen hazkunde azkarrean duen esperientzia eta errealitate birtualaren sektorean duen fedeagatik".

Virtualware 2004an jaio zen, eta Bilbon du egoitza. Errealitate birtualeko soluzioak eskaintzen dituzte osasun- eta hezkuntza-zentroentzako eta konglomeratu industrialentzako. 50 lagun baino gehiagoko taldearekin, 500 proiektu baino gehiago garatu ditu 33 herrialdeetan. Apirilaren 20an Parisko Euronext Burtsan atera zen, 27 milioi euroko balorazioarekin.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain