Arazoak pilatzen ari zaizkio Volkswageni. Multinazional alemaniarrak iragarri du autoen ekoizpena murriztu beharrean dela, eta fabrikak itxi eta langileak kaleratzeko asmoa duela. Zehazki, taldeak iragarri du 50.000 langile kaleratuko dituela Alemanian eta bi lantegi itxi. Era berean, auto ekoizpena hamar milioi ibilgailutik bederatzi milioira murriztu nahi du.
Txinako autoen lehiak edota AEBetako muga-zergek kalte handia egin diote multinazional alemaniarrari eta bere autoen eskaria nabarmen murriztu da azken urteetan. Horren aurrean, zenbait erabaki hartzea behartuta ikusi du bere burua. Taldeak adierazi du "inbertsioak eta baliabideak bezeroei balio erantsi handiagoa eta taldeari balio-ekarpen handiagoa egiten dioten produktuetan kontzentratuko" dituela indarrak.
Oliver Blume Volkswagen Taldeko kontseilari delegatuak adierazi du 2030erako Volkswagen munduko automobil enpresarik erakargarriena izatea espero duela. Aitzitik, ez da giro enpresa barruan. Izan ere, konpainiako zuzendaritzak murrizketak bikoiztea eskatu du, hau da, 100.000 langile kaleratzea eta Alemanian lau fabrika ixtea.
Auto modelo gutxiago ekoizteaz gain, Volkswagenek azaldu du eskaintzaren “konplexutasuna” murriztu nahi dutela, eta modu horretara, baliabideak konpainiaren "errentagarritasun handieneko segmentuetara" bideratu.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta