• ENPRESAK GAUR
  • Volkswagenek ezbaian jarri du Seat markaren etorkizuna

Volkswagenek ezbaian jarri du Seat markaren etorkizuna

Berregituratze plana aurkeztuko du bihar fabrikatzaile alemaniarrak eta 2029rako Seat autoak ekoizteari utzi nahi dio

Seat Ibiza, marka espainiarraren auto modeloetako bat | Argazkia: iStock
Seat Ibiza, marka espainiarraren auto modeloetako bat | Argazkia: iStock
2026ko irailaren 3a - 16:29

Alemaniako zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Volkswagen taldeak Seat auto marka merkatutik atera nahi du 2029rako. Multinazional alemaniarraren gainbegiratze batzordea bihar da biltzekoa, eta berregituratze plan bat aurkeztu behar du. Bada, plan horren barruan kokatzen da Seaten desagerpena, eta bere ordez, Cupra markaren aldeko apustua egitea.

 

Zehazki, WirtschaftsWoche aldizkariak eman du Volkswagenen asmoen berri, eta zehaztu du beranduenez 2029 urtearen amaierarako Seat marka “modu ordenatuan” eta “kostuak optimizatuta” merkatutik desagerraraziko dutela. Aitzitik, Volkswagenek auto markaren bezero zerbitzua eskaintzen jarraituko luke.

Seat marka desagertzeak Volkswagenen inbertsio maila apalduko luke, mundu mailan bere ekoizpena egokitzeko murrizketak egiten ari den testuinguruan. Multinazionalak 100.000 kaleratze (erdia Alemaniatik kanpo) egin asmo ditu, lau lantegi itxi (Zwickau, Emden, Hannover eta Audiren Neckarsulm) eta erdira murriztuko nahi du bere auto modeloen kopurua, 150etik 75era.

 

Marka espainiarrak argitu du Volkswagenen proposamena oraindik ez dela ofiziala, baina ez du ezustean harrapatu. Izan ere, Alemaniako taldean auto marka bakarra da auto elektrikorik ez duena, eta azken urteetan ez du modelo berririk merkaturatu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain