Voltis: enpresen energia-kudeaketa eraldatzen

Nicolás Imízcozek eta Xabier Catalánek pasa den urtean sortu zuten Voltis, Nafarroako enpresetan softwarearen arloan zeuden gabeziak ikusita

Nafarroako enpresaren lantaldea | Argazkia: utzitakoa
Nafarroako enpresaren lantaldea | Argazkia: utzitakoa
Imagen 122
Kazetaria
2026ko abuztuaren 1a - 05:30

Karrera amaitu berritan, Nicolás Imízcoz iruindarrak eta Xabier Catalán lizarratarrak lan merkatuaren egoera aztertu zuten. Imízcozek hainbat enpresarekin elkarrizketak egin zituen: "Egiten zutenak ez ninduen guztiz konbentzitzen, ez nintzen sozialki eskaintzen zutenarekin identifikatuta sentitzen". Catalánek hasieratik argi zuen berarekin bat egingo zuela.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Imízcoz ingeniari informatikoa da, eta zortzi urtez EDP enpresa elektrikoan lan egin zuen komertzial gisa. Esperientzia horretan ohartu zen energiaren merkatua "oso opakua eta konplexua" zela, eta enpresa askok bitartekarien mende jarduten zutela energia-kontratuak kudeatzeko. Horren aurrean, teknologiaren bidez energia-kudeaketa errazteko eta gardentasun handiagoa eskaintzeko enpresa bat sortzea erabaki zuten. Hala jaio zen Voltis.

Ekimena izendatzeko zenbait irizpide izan zituzten kontuan: “Erraz gogoratzeko bi silabako hitza izatea; internazionala izatea, munduko edonork antzera esan dezan; energiaren arloren bati (kasu honetan, volta) erreferentzia egitea; eta "is" amaiera edukitzea, ezizen samurra bezala, konfiantza eta gardentasuna transmititu dezan”, dio Imízcozek.

 

Enpresaren eta haren eskaintzaren bilakaera

Bi ekintzaileak ehunka bezero potentzialekin —industriekin, enpresa txiki eta ertainekin zein administrazio publikoarekin— harremanetan hasi zirenean, arazo bera errepikatzen zela ikusi zuten. Bezero askok ez zekiten zehazki zenbat eta zergatik ordaintzen zuten energiagatik, eta ez zuten etorkizuneko kostuak aurreikusteko modurik ere. Horri irtenbidea emateko, 2025ean lehen softwarea garatzea erabaki zuten.

Ordutik, energia-kudeaketarako tresna ugari garatu dituzte. Horien artean daude energiaren kontsumoa eta prezioak adimen artifizialaren bidez aurreikusteko sistemak, auditoriak eta prozesu automatizatuak, autokontsumorako eta PPA kontratuetarako irtenbideak, energia-erosketaren optimizazioa, handizkako merkatuetan negoziatzeko tresnak, jatorri-bermeen kudeaketa eta energia-aurrezpena neurtzeko adierazleak. Soluzio horiek hainbat industriatan aplikatu dituzte dagoeneko, eta, enpresaren arabera, bezero batzuek energia-gastua nabarmen murriztea lortu dute. Horrez gain, urte osoko energia-kostua aurrez ezagutzeko aukera izateak aurrekontuak hobeto planifikatzen laguntzen die.

Gas naturalaren etorkizuneko prezioak aurreikusteko algoritmo bat ere garatu dute. Tresna horren bidez, une egokian energia erosteko erabakiak har daitezke, hurrengo urteko horniduraren prezioa aldez aurretik bermatzeko.

Gaur egun, dozenaka produktu dituzte garatuta, eta hurrengo urratsa guztiak plataforma bakar batean integratzea da

Administrazio publikoarentzat ere software espezifikoak garatu dituzte. Horietako batek autokontsumo kolektiboan sortutako energia instalazioen artean automatikoki banatzen du, eta beste batek udalen energia-gastua aurreikusten eta aurrekontuak doitzen laguntzen du.

Gaur egun, dozenaka produktu dituzte garatuta, eta hurrengo urratsa guztiak plataforma bakar batean integratzea da. Horrela, bezero bakoitzak behar dituen tresnak automatikoki aktibatu ahal izango lituzke.

Hazkundean pentsatutako egoitza aldaketa

Voltisen egoitza uztailaren amaieran Antsoainetik Zizur Nagusiko Azysa eraikinera mugitu da, enpresaren hazkunde azkarra dela eta. Azken hilabeteotan lau kontratazio berri egin dituzte eta etorkizun hurbilean bi edo hiru gehiago egitea aurreikusten dute. Ez dakitenez zein erritmoan haziko den enpresa (hori teknologiaren eta eskaeraren araberakoa delako), toki berria txiki bilakatzeko beldurrik gabe lekualdatu dira, zeinak eskalatzeko gaitasuna emango dien.

Eraikinak alokairu dezente ditu oraindik. Hala, Voltisen asmoa da bulego horiek alokatzen joatea, enpresak handitzen jarraituz gero

Aldaketak osagai estrategiko bat izan du: 180 metro karratu berrirekin hazkundera egokitzea, non sei edo zazpi pertsona gehiago sartuko diren. Beste faktore bat ere izan dute kontuan: "Hiru taldekide Lizarraldekoak dira eta auto-ilaretatik pasa behar zuten Antsoainera joateko eta handik itzultzeko; Zizur, berriz, irisgarriagoa zaie".

Gainera, eraikinak alokairu dezente ditu oraindik. Hala, Voltisen asmoa da bulego horiek alokatzen joatea, enpresak handitzen jarraituz gero.

Beharren arabera handitutako lantaldea

Taldea hamabost pertsonek osatzen dute egun. Imízcozek uste du urrirako 21 izatera irits daitezkeela, eta gehiengoak ingeniariak (industrialak, berriztagarrietakoak, informatikariak, programatzaileak...) izango direla, software, algoritmo eta teknologia guztiak garatzeko.

Oraindik ez dute ingeniaritzarako hautaketa-prozesurik erabili. "Interesa dutenek sareen bidez ezagutzen gaituzte, eta haiekin harremanetan jartzen dira, elkarrizketa egin diezaiegun eta haien profila bat datorren egiazta dezagun; eskaera gehiago daude kontratazioak baino", azaldu du sortzaileak.

Voltis Nafarroatik Euskal Autonomia Erkidegora, Aragoira, Andaluziara, Errioxara, Madrilera eta Valentziara hedatu da

Marketinerako, berriz, hautaketa-prozesu sakon samarra erabili du konpainiak, Nafarroako Unibertsitateko eta ESICeko ikasle ohiekin. Une honetan, bi saltzaile daude plantillan. Bere garaian bost izan ziren, salmenta bilaketaren punturik gorenean.

Talde komertziala murriztearen arrazoia honakoa izan da: "Behin bezeroek softwarea probatzen dutenean, komertzialen plantilla jaitsi egiten da, bezero gehiago sartzen direlako ahoz aho, gomendioz, marketinez baino. Hiru hilean behin egiten diren bileretan egiaztatzen da kontratuan agindutakoa betetzen dugula; horrela, bezeroek beste bezero batzuekin lotzen gaituzte", esan du ingeniariak.

Hedapenean oinarritutako planak

Voltis Nafarroatik Euskal Autonomia Erkidegora, Aragoira, Andaluziara, Errioxara, Madrilera eta Valentziara hedatu da. Martxoan egoitza berri bat ezarri zuten Malagan, eta bertarako zuzendari komertzial bat kontratatu zuten. Hala ere, “nahiko motel” doa hedapena; izan ere, Imízcozek zentzuz jokatu nahi du, Voltisen filosofiari jarraituz. Hala, bezero gehienak Nafarroan dituzte oraindik.

Ekintzailearen aburuz, "hurrengo pausoa antzeko sistema eta idiosinkrasietara zabaltzea da, eta Europako gainerako sistemak bat datoz horrekin". Horretarako urtebete edo bi urte falta direla aurreikusten du sortzaileak.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain