Warner Bros Discoveryk negoziazio hasi du Netflixekin, HBO Max plataforma eta bere zinema eta telebista estudioak eskualdatzeko, Bloombergek eta Financial Timesek aurreratu dutenez. Mugimenduak Comcast eta Paramount Skydance lehiakideen aurretik jarri du Netflix, haiek ere eskaintzak aurkeztu baitzituzten. Are gehiago, Paramountek gutun bat bidali zion aste honetan Warner Brosi, prozesua Netflixen mesedetan egin izana egotzita.
Konpainiak 60.000 milioi dolarreko balioa du, eta berregituraketa sakona ari da jasaten. Berregituraketa horretan, negozioa bi bloketan banatzea aurreikusten du: batetik, zinema eta telebista estudioak eta streaming zerbitzuak (HBO Max barne), eta, bestetik, CNN eta TNT bezalako kable bidezko kanalak. Balizko salmenta horrek sektoreko akordiorik handiena ekarriko luke Disneyk 2019an 21st Century Fox erosi zuenetik, eta azken urteetan industria eraldatu duen fusio boladarekin bat egiten du (Amazonek MGM erosi zuen, eta Paramount eta Skydance batu egin ziren iaz).
Testuingurua delikatua da Warner Brosentzat. Pandemiaz geroztik 22.000 milioi dolarreko galerak izan ditu, eta frankizia nagusiek ez dute lortu nahi haina: HBO Maxek ez du lortu Netflix, Prime Video edo Disney+ bezalako erraldoien pare jartzea. Horri kable bidezko telebistaren atzerakada gehitu behar zaio, izan ere, azken hiruhilekoan diru-sarrerak %23 jaitsi dira.
Netflixekin integratzeak errotik aldatuko luke entretenimenduaren industria. Bideo plataformarik handiena eta Hollywoodeko estudio historikoenetako bat elkartuta, Harry Potter, Friends edo Looney Tunes bezalako frankiziak izango dira eskuragarri Netflixen.
Netflix eta Warner Brosen arteko fusioa hain handia izan liteke, Estatu Batuetako gobernuko arautzaileek monopolio arrisku gisa ikus lezaketela. Hau da, pentsa lezakete batasun horrek botere gehiegi emango liokeela Netflixi entretenimenduaren merkatuan. Horregatik, Bloomerangen arabera, Netflixek 5.000 milioi dolarreko aseguru moduko bat eskaini du: agintariek erosketa geldituz gero, Warner Brosek konpentsazio gisa jasoko luke diru hori.