• ENPRESAK GAUR
  • Women in Industryren hirugarren edizioa eta Indiako erosleak, gaur Biurtekoan

Women in Industryren hirugarren edizioa eta Indiako erosleak, gaur Biurtekoan

Tecnaliak "etorkizuneko industria adimendunari" loturiko soluzioaren nondik norakoak emango ditu, baita Sisteplant eta Ingeteamek ere

Women in Industryko 2024ko edizioko mahai-ingurua | Argazkia: EnpresaBIDEA
Women in Industryko 2024ko edizioko mahai-ingurua | Argazkia: EnpresaBIDEA
2026eko martxoaren 3a - 11:08

Hasi da BIEMHen bigarren eguna BECen, eta jarduera ugari izango dira gaur ere. Hain zuzen ere, Women in Industryren hirugarren edizioa abian da dagoeneko. Berdintasuna industrian sustatzeko hausnarketak izango dituzte hizpide, besteak beste, berdintasunaren aginte koadroa, edo gaitasunetan oinarrituriko orientazio profesionalari buruzko mahai inguruekin. 5. solairuko 1 aretoan egiten ari dira, PWN Bilbao emakumeen sare profesionalak antolatuta.

 

Nazioarteko erosleei ere ongietorria eman diete gaur Biurtekoan. Hosted Buyers Programme izenekoan hartuko dute parte. Aipatzekoa da aurtengo edizioan Indiak toki berezia izango duela, merkatu geroz eta garrantzitsuagoa izan daitekeelako euskal enpresentzat, are gehiago Europar Batasunak herrialdearekin itxitako akordioaren ostean. 

Nazioarteko elkarteen arean ere hainbat aurkezpen izango dira, eta Sisteplant edo Ingeteam bezalako enpresa euskaldunek euren garapenen nondik norakoak azalduko dituzte Innovation Workshopsetan eguerdi partean. Euren soluzioen aurkezpena egingo duen beste entitate bat da Tecnalia. The Proactive Factory izeneko soluzioa "etorkizuneko industria adimendunari" loturik zentro teknologikoa egiten ari den apustuen erakusgarrietako bat da.