Xabier Basañez: "Uste dut nota bikaina izango dugula aurtengo edizioan"

Oro har, Biurtekoari lotutako sentsazio onak dituela nabarmendu du BECeko zuzendari nagusiak, 2018ko bisitari kopurura heltzea lortu ez dela pentsatzen badu ere

Xabier Basañez, BEC Xabier Basañez, BEC

Denbora eta espazioa kontzeptu erlatiboak zirela azaldu zigun Albert Einstein zientzialariak. Makina-erremintaren azoka horren adibide argia izan daite. Bost egun baino ez du irauten baina Xabier Basañez BEC Bilbao Exhibition Centerreko zuzendari nagusiarentzat denbora hori luze edo labur gelditu daiteke. Espazioa eta kokapena malgutu daitezken aldagaiak dira. BIEMH azokaren bilera, ekitaldi eta txoko guztietan dagoela ematen du Basañezek. Izan ere, bere agenda Erlatibitatearen Teoriaren adierazle izan daiteke. Biurteakoaren ekitaldi guztietan topatu dugu Basañez: hedabideen aurrean, Innobasqueko asanbladan, berrikuntza sarietan, Women in Industryn, Workinn enplegu azokan... Biurtekoarekin batera antolatutako ekitaldi guztietan izan da. Azoka pasata atsedena hartzeko gogoa du zuzendari nagusiak, baina, era berean, azoka luzeagoa izatea nahiko luke. Basañezek bere agendan tokitxo bat topatu du EnpresaBIDEArekin solasteko. Biurtekoaren lehen estimazioak, azoken munduaren eraldaketa eta BEC erakusketa azokaren emaitzak hizpide izan dira.

Biurtekoko toki guztietan ikusi zaitut. Ez zara gelditu. Zenbateko atsedena hartzen duzu egun hauetan?

Gutxi. Baina irrikan geunden feria iritsi zedin, ohikoa baino denbora luzeagoz itxaron behar izan dugulako. Biurtekorako gogoak beti energiaz betetzen zaitu. Eta kasu honetan, lau urteren ostean berriro ere elkartzeko azoka izanik, energiaz are gehiago bete gaitu. Lehen, erdi brometan, erdi serio, galdetzen zenidan: “Bukatzeko gogoz izango zara?”. Bai, nekatuta nagoelako, baina ez litzaidake axolako beste hamar egunez aritzea. Eta seguru nago Biurtekorako lan egiten dugun guztioi ez litzaigukeela axolako, batez ere egungo egoeran, egoera onean eta pozgarrian baikaude jarduerari dagokionez.

Aurkezpeneko prentsaurrekoaren egunean Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendari nagusiak esan zuen gogoa nabari zela. Ikusten da? Azken batean, hortxe dugu inflazioarekin, Ukrainako gerrarekin, Txinarekin... gerta daitekeena.

Egia da badirela hodeitzar horiek, edo zisne beltz horiek, orain esaten zaien bezala. Baina nire sentsazioa da, egoera honetan miraria dirudien arren, jendea pozik dagoela. Erakustokiek harremana izan dute bisitariekin, eta jasotako bisita kopuruaz harago, kalitatezko bisitak izan dira. Azken batean, krisialdi egoeran izan garenetan, nahiz eta bisita kopuru onak izan, jendea ez da etortzen inbertitzera. Oraingoan, nik uste dut harreman onak izaten ari direla, proiektu eta negozioak erakartzen ari direnak. Nik zenbaitekin hitz egin dut eta sentsazio hori helarazi didate.

"Nire sentsazioa da, egoera honetan miraria dirudien arren, jendea pozik dagoela. Erakustokiek harremana izan dute bisitariekin, eta jasotako bisita kopuruaz harago, kalitatezko bisitak izan dira"

Beraz, erosle handiengana joan eta azokara erakartzeko apustu horrek fruituak eman ditu.

Bai. Alegia, guk sektore askotako milaka pertsonengana jotzen dugu, publiko orokorrarengana. Baina horrez gain, erakustokiek proposatutako erosle jakin batzuekin ere jartzen gara harremanetan, 300 ingururekin, etor daitezen. Normalean proiektu handiak egiten ari diren enpresak dira, Argentinakoak, Txilekok, AEBetakoak... Eta nolabait erakarri egiten ditugu. Zentzu horretan arrakastatsua izaten ari da. Izan ere, ezjakintasun handiko egoera baten, inbertsio proiektu garrantzitsuak izango direla uste dut, euskal makinak izango dituztenak.

Aurkezpen prentsaurrekoan adierazi zenuten 2018koa hamarkadako onena izan zela, ezohikoa. Helburua horretara hurbiltzea zen. Datu zehatzak ikusi ez badituzu ere, lortu dela uste duzu?

Oraindik ez ditut datuak. Bihar AFMrekin eta AIMHErekin eguerdian egingo dugun prentsaurrekoan estimazioak partekatuko ditugu, eta ikusiko dugu zein datu dituzten eurek ere. Baina ia ziur nago Biurteko onena izan dela esango dutela eta historikotzat jo ahalko dugula. Hala ere, ikusita orain arteko datuetan 2018koaren apur bat azpitik gaudela, segur aski bisitari kopurua ere ez da urte horretako zifretara iritsiko. Edozein kasutan, nik jendearekin hitz egindakotik abiatu naiteke, baina AFMk eta AIMHEk azokari lotutako inkesta txiki bat egiten diete enpresa elkartuei, eta nik uste dut nota bikaina izango dugula. Bihar jakingo dugu.

Joseba Goirigolzarri Destino Bilbao Bilboko hotelen elkarteko bozeramaileak esan zion EnpresaBIDEAri jarduera feriala berreskuratzen ari dela, baina ez parte hartzaile kopurua. Azoka honek, ordea, badu aurrez aurreko hori. 'Katxarroak' ikustea eta hitz egitea du oinarrian.

Mundu mailako tendentzia orokorrak geroz eta azoka espezializatuagoak egitera darama. Lehen orotarikoak ziren. Esaterako, Bilboko Erakustazoka izan zenezakeen eta bertan kotxeak saltzen zituena eta makina-erremintak saltzen zituena zenituen. Hori desagertu zen, eta orain bestelakoak dira. Jada ez da energiaren azoka, energia eolikoarena baizik —edo ur gaineko energia eolikoarena—. Horrek ekitaldi ez hain jendetsuak egitera garamatza. Era berean, garrantzia hartzen du ekitaldi horiek dituzten edukiak, eta erakustokiez gain, konferentzia programak eta B2Bak gehitzen dira. Horregatik, esan daiteke azokek jende gutxiago erakartzen dutela; azoka gehiago ditugu, jende gutxiagokoak. Eta gure kasuan, Bilbao Exhibition Center urteko 365 egunetan beteta izan nahi badugu, horretara jo beharko dugu. Hala ere, Biurtekoaren kasuan, nik uste dut ez dela eraldaketa hori gertatu. Aldiz, gauza gehiago gehitu dizkiogu.

"Mundu mailako tendentzia orokorrak geroz eta azoka espezializatuagoak egitera darama. Jada ez da energiaren azoka, energia eolikoarena baizik"

Be Digital, Addit3D...

Sektorearen eskutik goaz. Alegia, sektorean garrantzia hartzen du fabrikazio aditiboaren eta 3D bitartezko inpresioaren gaiak, eta guk AddiT3D sortzen dugu duela sei urte, elkarrekin haziko baitira arranke makina tradizionala eta hau. Gero ikusten dugu digitalizazioa garrantzitsu bihurtzen dela, eta hor ere Be Digital sortzen dugu. Seguru nago teknologia burdina baino garestiagoa dela. Eta uste dut jende asko erakartzen jarraitzen dugula —nahikoa zen atzo pasilloak nola zeuden ikustearekin— eta hala izaten jarraituko duela, agian apur bat gutxitu badaiteke ere.

Azoken paradigma aldaketa aipatu duzu. Eta sektorea bera aldatzen ari da. Badira azokak antolatzen dituzten enpresak azoka esparru jakin bat izan gabe. Zentzu horretan, negozioa bada Food 4 Future bat edo Wind Europe bat lortzea?

Zalantza barik. Mendebaldeko Europan duela 30 urte azoka munduan aritzen ginenok egoitza genuen eta antolatzaile ginen. Eta egoitza bakoitzak bere azoka zuen. Hori hautsi egin zen duela hogei bat urte-edo, sustatzaileak azaldu zirenean. Egun, rankinetara jotzen baduzu, lehenengo lauzpabost postuetan dauden antolatzaileek ez dute egoitza fisikorik, eta mundu osoan azokak antolatzen dituzte, ondo antolaturikoak. Zenbait erakustazokak ekitaldi propioak izan ohi ditugu, baina urte osoan zehar erabili eta alokatu nahi dugu. Eta sektore baten ezagutza dutenean egiten dutena da gauza bera antolatu Shangain, Abu Dhabin, Bilbon, eta Bogotan. Ekitaldi bera da, enpresa berak antolatua, baina toki desberdinetan egiten du. BECen duela asko hasi ginen hori egiten. Egun, gutxi gora behera % 50 izango dira BECek antolatua, eta beste % 50 hirugarrenenak edo hirugarrenekin lankidetzan. Azken kasu honetan, normalean hirugarrenak sektoreari buruzko ezagutza du, eta guk azokei buruzkoa. Eurek parte komertziala daramate, merkatuarena, eta guk erregistroarena.

Marketin departamentuaren ikuspuntua zeharo aldatzen da, azokak identifikatzea baita gakoetako bat.

Hori da. Zenbaitetan, feria baten antolatzailea etortzen da, guretzat printzipioz estrategikoa ez den sektore batekoa, espazioa alokatzen du eta azoka egiten du. Zu ahal duzun denean laguntzen saiatzen zara. Eta azoka ondoren joan egiten da. Bueno, ondo joan bazaio, itzuli egiten da. Hori da gure helburua, gera daitezen.

Beste zenbait kasutan, guk Euskadirentzat estrategikoak izan daitezkeen gaiak identifikatzen ditugu, eta azoka horren bila joaten gara. Joan zaitezke eginda dagoen zerbaiten bila, Wind Europen gisakoa, 2019an egin, 2022an errepikatu , eta 2024rako berriro ere lortu nahi duguna. Azkenik, beste zenbaitetan, ezin baduzu ekarri, zuk sortzen duzu, esaterako, Stealtech.

"Egun egiten ditugun azoken gutxi gora behera % 50 izango dira BECek antolatua, eta beste % 50 hirugarrenenak edo hirugarrenekin lankidetzan eginak"

BECek urte bikoitzetan EBITDA positiboarekin bukatzen du, besteak beste Biurtekoari esker. Arazoa urte bakoitiak izan ohi dira. Aurten EBITDA positiboa izatea espero duzue?

Aurrekontuari dagokionez, ez genuen espero jardueraren % 100 berreskuratzea. Esan dizudan bezala, Biurtekoan segur aski apur bat azpitik geratuko gara. 2022rako planteaturiko aurrekontuko EBITDA 0tik gertukoa zen, oker ez banago 300.000 eurokoa zen, negatiboan. Uste dut 0tik gertu izango garela, goitik edo behetik. Pandemia aurreko urte bikoiti batean, 2018an, esaterako, 2 milioi euro inguruko EBITDA izan genuen. Hutsunea dago pandemiagatik. 2024ra edo 2026ra begira lortu beharko dugu buelta ematea.

Eta bakoitietan?

Bakoitietan dagoeneko negatiboan geunden. Oker ez banago, 2019an -2 milioi euroan geunden, eta bi urtean behin 0 emaitza lortzera hurbiltzen ginen. Modu horretan saiatzen ginen gure instituzioei lan gehiegi ez ematen, haiek finantzatu baitituzte lanak eta jarduera. Pandemiagatik hiruzpalau urte egin dugu atzera. Eta espero dut oreka horretara itzultzea berriz ere 2023-2024rako edo 2024-2025erako.

Bakoitietan, zuen apustua da lehen Ferroforma zena eta egun +Industryn dagoena.

Azoka zeharo aldatu da. Lehen burdingintzako azoka zen. Egun, ez daude hainbeste burdindegi. Establezimendu handietan saltzen da egun, eta gelditzen diren burdindegiak (zenbaitek biziraun baitute) erosketa zentral baten bitartez saltzen dute. Beraz, lehen milaka etortzen baziren ere, dagoeneko ez dira masiboki etortzen azokara. Gauzak aldatu direnez, sektorearen beharretara egokitu behar izan dugu. Data eta irudia aldatu genituen, eta +Industryn txertatu genuen, gainontzeko azokekin. Orain sektore industrialeko azoka da, eta azoka desberdin horiek guztiek elkartzeak sinergia handiak sortzen ditu. Bestalde, lehen bisitariak etorri egiten ziren oro har azoketara, eta orain ia diru gehiago inbertitzen duzu bisitarientzat erakargarria izan dadin.

"EBITDAri lotuta, bi urtean behin 0 emaitza lortzera hurbiltzen ginen. Pandemiagatik hiruzpalau urte egin dugu atzera. Eta espero dut oreka horretara itzultzea berriz ere 2023-2024rako edo 2024-2025erako"

Eta lehen merkatu nazionalean aritzen zinen; orain konpetentzia internazionala da, eta Hannoverren, Parisen, Milanen... kontra lehiatzen dugu. Europa mailan, zein da posizioa?

Europak, eta batez ere Alemaniak sekulako bost hiri ferial ditu. Ez da hemen bezala, dena Madril edo Fira (Bartzelona) dena. Han Hannover, Dusseldorf, Frankfurt... dituzu, sekulako erakustazokekin, eta toki guztietan sektore guztietan aritzen dira. Horren kontra lehiatzea zaila da. Espainia azoka herrialdea izan da, baina azoka dimentsioa ekonomikoki Europan duen posizioarekin bat dator. Eta zoritxarrez, Madrilen zentralizatzen da gehiena, eta horrekin lehiatzea zaila da, han dagoelako dena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK