Zabalik da Fagor Herrigintza programaren hirugarren edizioan izena emateko epea

Fagor Taldeak 2022an sortu zuen egitasmoa, Euskal Herriko gizarte proiektuak laguntzeko asmoz. 60.000, 40.000 eta 20.000 euroko hiru laguntza emango dituzte

Iñurri elkarteari 20.000 euroko dirulaguntza eman zioten iaz | Argazkia: Fagor Taldea Iñurri elkarteari 20.000 euroko dirulaguntza eman zioten iaz | Argazkia: Fagor Taldea

Zabalik da jada Fagor Herrigintza lankidetza programan proposamenak aurkezteko epea. Herrigintza eta izaera komunitarioa sustatzeko asmoz, Euskal Herriko gizarte proiektuak laguntzea du helburu Fagor Taldearen programa honek, eta irailaren 30era arte aurkeztu ahalko dira proiektuak.

2022an sortu zuten programa eta hirugarren edizio da aurtengoa. Hiru laguntza emango ditu Fagorrek: 60.000, 40.000 eta 20.000 eurokoa, 120.000 euro guztira. Iaz, Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak (40.000 euro) eta Iñurri minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista zein eraldatzailea jorratzen duen elkarteak (20.000) jaso zituzten dirulaguntzak.

Aurten ere Fagor.eus webgunean aurkeztu beharko dira proposamenak, euskaraz. Aritz Otxandiano kooperatiba taldeko iraunkortasun arduradunak azaldu duenez, “Fagorrek iraunkortasuna du ipar eta jardun modu. Komunitatea ahalduntzeko eta indartzeko bitartekoak eskaintzea funtsezkoa da bide horretan. Are: gizarte hobe bat eraikitzeko egiten duten lana aitortzeko modu bat da”.

Fagor taldeko kooperatibetako bazkideek azaroko lehen hamabostaldian aukeratuko dituzte laguntza jasoko duten hiru proiektuak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK