Osakidetzako hiru fasetan antolatu ditu aurten egingo dituen EPE enplegu publikorako eskaintzako probak, 2023, 2024 eta 2025 urteei dagozkienak, denera 107 kategoriatako 5.425 plaza barnebilduko dituenak. Lehen fasearen izen ematea itxita, 101.000 lagun inguruk eman dute izena, 9 kategoriatako lanpostuetarako, eta ekainaren 19 eta 21 bitartean egingo dira azterketak BECen. Gaur, berriz, proben bigarren fasean parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute, eta ekainaren 29ko eguerdiko 14:00ak arte izango da irekita. Fase horretan, orotara, 41 kategoriatako plazak eskainiko dira.
Hirugarren faseko deialdia uda igarota zabalduko dela aurreikusten da. Horrela, gainerako kategorietarako hirugarren fasearen deialdia bakarrik geratuko litzateke, eta uda ostean irekitzea aurreikusten da.
Enplegu-deialdian zenbait berritasun jaso dira, tartean test motako proba bakarra egitea alderdi teorikoa zein praktikoarekin, eta hiru urtez nota gordetzeko aukera.
ELAren aldarrikapena administrari laguntzaileentzat
EPEko probetan izen-ematea zabaldu den egun berean, ELAk elkarretaratzeak egin ditu 3.500 administrari laguntzaile baino gehiagoren aitortza profesionala aldarrikatzeko. 2.000 sinadura inguru ere jaso ditu eskakizun berarekin.
Sindikatuak dioenez, azken 20 urteetan gora egin dute kolektiboaren lanek eta ardurek. Aldiz, lan kategoria eta soldatak "ia bere horretan" mantendu dira. EAEko beste administrazio batzuetan, "administrari" kategoriaren pareko dauden bitarteak, Osakidetzaren Lanpostu Funtzionalen Dekretu berria "kontrako norabidean" doa sindikatuaren hitzetan. Administrari Laguntzaile Arduradunaren rola desagerrarazteak, adibidez, funtzio hori bete duten pertsonei soldata txikiagoa izatea ekar diezaiekeela uste du ELAk.