Gaurtik aurrera zabalik da Tubos Reunidos erosteko eskaintzak egiteko epea. Gasteizko epaitegi batek gidatuko du enkantea, eta konpainiak gaur bertan jakinarazi dizkio CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen erosketa prozesuaren arauak. Erosleek jarduerari gutxienez bi urtez eusteko konpromisoa hartu beharko dute, besteak beste.
Lehentasun nagusia zorra ahalik eta gehien murriztea da, baina enpleguari eta jarduera industrialari ere eutsi nahi diote. Gauzak horrela, prozesuak aukera emango du enpresa osatzen duten dibisio batzuk erosteko eskaintzak egiteko.
Hartzekodunen konkurtsoaren kudeatzaileak gehienez bost eskaintza onartuko ditu. Gauzak horrela, hodiak ekoizten dituen enpresa erosi nahi duenak bederatzi fase gainditu beharko ditu. Lehena martxan da, bost egunekoa, zeinetan erosteko interesa dutenak asmo horren berri eman behar duten. Balizko erosleek enpresa bertatik bertara aztertzeko aukera ere izango dute aurrerago.
Amaieran, administratzaileak eskaintzak ebaluatuko ditu. Ondoren, kontsulta-fasea irekiko da konpainiaren, konkurtso administrazioaren, langileen ordezkarien eta balizko erosleen artean. Eskaintzaren egileek langileen ordezkariekin ere negoziatu beharko dute.