Geoalcali enpresa australiarraren matrizea den Highfield Resoruces Limited konpainiak finantzaketa berria lortu du, eta, hala, 10 milioi dolar australiarretara (5,58 milioi euro) iritsi da Nafarroako Mina Muga meategiaren proiektuarekin aurrera egiteko. Diru hori hiru inbertsoreren bidez jasoko duela jakinarazi du konpainiak: EMR Capital Management Limited, Tectonic Investment Management, eta izena aditzera eman ez duen beste bat.
Geoalcali konpainiak webgunean adierazten duenez, Nafarroako potasa meategiaren proiektuak aukera emango die eskualdeko administrazio eta biztanleei “epe luzerako etekin iraunkorra sortzeko”. Gaineratzen duenez, “tokiko komunitateari lehentasuna emateko konpromisoa” dute australiarrek, eta baieztatzen dute proiektuari esker zuzeneko enplegu eta negozio aukerak sortuko direla.
Oraindik ezingo du, ordea, proiektuarekin aurrera segi, administrazio baimenak falta baitzaizkio konpainia australiarrari, baina, hala ere, jakinarazi du bazkide estrategikoekin negoziazioak egiteari berrekingo diola. Carles Alemán Geoalcaliko zuzendari exekutiboak esan du Muga proiektuak “izugarrizko potentziala” duela, eta “inbertsoreek guztiz babesten dutela proiektu estrategikoa”. Hamalau urte pasa dira jada Zangozan kokatutako meategiaren gorabehera hasi zenetik, “izapide administratibo eta legegile konplexuak” direla eta.
Administrazio oztopo horiek zirela eta, 2025eko abuztuan bertan erabaki zuen 270 milioi euro inbertitzeko asmoa zuen Qinghai enpresa txinatarrak proiektutik irtetea, eta momentu hartan bertan jakinarazi zuen Geoalcalik inbertsore berriak bilatuko zituela.