Zarautz eta Bergarako IATeko (Ibilgailuen Ikuspen Teknikoa) plantillek greba mugagabea egitea erabaki dute astelehenetik aurrera. Beren hitzetan, lan hitzarmen propioa adosteko negoziazioa blokeatuta du zentro horiek kudeatzen dituen Itasua enpresak, eta langileek eskatzen dute Gipuzkoako beste IAT zentroen lan baldintza berak izatea.
Langileek ekainaren amaieran iragarri zuten hiru greba egun egingo zituztela, baina azkenean astelehenetik aurrera lanuztea mugagabea izango da. Izan ere, ELAk salatu du enpresak greba eskubidea urratu duela, Zarauzko zentroan langile berri bat kontratatu baitu grebalarien jarduna ordezteko. Langileek ostiral honetan zuten hasiera batean iragarritako hiru greba egunetan azkena.
Beharginen arabera, urtean adostutakoa baino 133 lanordu gehiago egin dituzte, eta 2.000 eta 8.000 euro gutxiago artean jaso soldatetan. ELAren arabera, orain arteko hiru greba egunek erabat gelditu dute bi zentroetako jarduera. Era berean, sindikatuak deitoratu du enpresak negoziatzen jarraitu beharrean, greba eskubidea urratu izana.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta