Europako bost langiletik batek telelana egiten du, eta nagusiki, haien adina 35 eta 54 urte artekoa da. Premisa horiek abiapuntu, Europako Remaking proiektuko 10 herrialdetako 30 ikertzaile elkartuko dira Donostian gaur eta bihar, EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, telelanaren aukerak eta erronkak aztertzeko helburuarekin. Elhuyar, proiektuaren bazkidea, izango da anfitrioi lanetan arituko dena eta hainbat esparrutan jarriko dute fokua: langileetan, enpresetan, gizartean eta ingurumenean.
Izan ere, Remaking proiektuak ikertzen du nola bihur daitekeen telelana hiri eta landa-eremuen arteko desberdintasun sozioekonomiko eta espazialei aurre egiteko palanka. Xede horrekin, Europar Batasunak bultzatutako Horizon egitasmoko proiektuak politiketara bideratutako esparru bat eskaintzen du.
Atzera egin duen tendentzia
Telelanaren definizioa erraza izan daitekeen arren —bulegoa ez den beste toki batetik lan egitea—, asko aldatu dira gauzak Interneten sorrerarekin sortu zen fenomenoaren nondik norakoak zehazterakoan. “Fenomeno gisa betidanik eman den zerbait izan da telelana. Jakina, Interneten sorrerarekin areagotu egin zen, eta izugarri azkartu pandemiarekin”. Hala dio, Paris School of Bussineseko Ignasi Capdevilla irakasleak, zeina hizlari lanetan izango den egunotako jardunaldietan.
Aldiz, azkenaldian “erregresioak” izan ditu lan egiteko modu horrek. Europa mailako zenbait ikerketen arabera, pandemia garaian enplegatuen %48 telelanean aritu zen, eta egun langileen %20 aritzen da bulegotik urruti lanean, noizbehinka edo egunero.
Ignasi Capdevila: “Zenbait enpresa eta merkatuk konponbide baliagarritzat jo dute telelana, konturatu baitziren produktibitatea, motibazioa eta enplegatuaren asebetetze maila berdindu edo gainditu egiten zirela"
Lan asko ezinbestez presentzialak dira eta horrela jarraituko dute etorkizunean ere, baina pandemiari esker nabarmen geratu zen beste batzuk telelanerako egokitu zitezkeela. Pandemiaren ondoren, askotariko eraginak izan dira fenomeno horrekin lotuak. “Zenbait enpresa eta merkatuk konponbide baliagarritzat jo dute telelana, konturatu baitziren produktibitatea, motibazioa eta enplegatuaren asebetetze maila berdindu edo gainditu egiten zirela. Beste alde batetik, errebote efektua ere eman da: partzialki erabili zuten enpresa asko itzuli egin ziren pandemia aurreko ohituretara. Beste zenbaitek bulegora itzultzea aitzakiatzat erabili dute bulegoak produktibitatea, ideiak elkarbanatzea, berrikuntza, sorkuntza etab. laguntzen duelakoan”, nabarmendu du Capdevillak.

Pariseo irakaslearen ustean, erregresio horren guztiaren atzetik enpresen “kontrolatzeko joera” dago eta zaila da jakitea zer gertatuko den etorkizunean. Batez ere Estatu Batuetako teknologia handietan eman da telelanaren kontrako azkenaldiko joera hori. Zenbait datuen arabera, enpresa askok murriztu egin dituzte telelanaren aukerak eta eredu hibridoak bultzatzen ari dira. Googlek, esaterako, langileak behartu ditu astean hiru egunetan bulegoan egotera, telelanean aritzen direnak %50 izan arren. Dena den, sektore espezifikoetan, pandemiaren gorenetatik asko jaitsi dira portzentajeak eta %100 telelanaren aukerak asko gutxitu. AEBen 2025ean enpresek egindako azterketa orokor baten arabera, konpainien %7k soilik onartzen ditu rol erabat telematikoak, eta lehen, aldiz, maila altuagoak ematen ziren.
Abantailak eta desabantailak
Capdevilarren aburuz, abantailez eta desabantailez hitz egiterakoan argi dago bereizi egin behar dela nori buruz ari garen hizketan. Ez da berdina enplegatu edo langilearen ikuspuntua eta enpresarena, alegia.
“Langilearentzat, oro har, ia dena abantailak dira. Egia da, pandemian asko sufritu zuen jendea ere bazegoela urrutitik lan egin behar izan zuelako: antsietatea, zoomaren nekea, bakardadea. Baina abantailak askoz ere handiagoak dira. Bizitza pertsonalaren eta profesionalaren artean uztarketa bat lortu zuen jendea oso pozik dago lan egiteko modu horrekin. Asko, gainera, bizitza-kalitate hobea eskaintzen duen beste toki batzuetara bizitzera joan ziren”, zehaztu du Capdevillak.
Enpresei dagokienez, ikerketa akademikoen arabera, produktibitatea ez da murrizten telelanaren eraginez. “Administrazio publikoaren gaineko ikerketek adierazten dutenaren arabera, eragin produktiboa neutroa izan da”.
“Oso argi izan behar dugu lan guztiak ezin direla telelanaren bitartez bete. Askotan fenomeno globaltzat jotzen da telelana, baina ez da horrela”
Telelana egin ahal izateko gutxiengoko beharrezko teknologiaz hitz egiterakoan, Parisen diharduen adituaren arabera, “oso argi izan behar dugu lan guztiak ezin direla telelanaren bitartez bete. Askotan fenomeno globaltzat jotzen da telelana, baina ez da horrela”. Dena den, teknologia berrien ezarpenak geroz eta gehiago erraztu du telelanean aritu ahal izatea.
Capdevillak co-workingaren fenomenoa nabarmendu du etorkizunari begirako errealitate eta erronka gisa. “Lana elkarbanatzen den bulegootan, partaideek autonomo gisako beren proiektuetan lan egiten dute. Beste kasu batzuetan, zenbait enpresek ordaindu egiten dituzte co-workingeko bulegoak haien enplegatuek bertatik aritzeko aukera izan dezaten, eta horrek erraztu egiten du haien lana”, azpimarratu du.