Zestoako lantegia itxi egingo duela adierazi du GRI Castingsek

Ekoizpen arazoak medio, 61 langile kaleratu nahi ditu

Zestoako GRI Castings | Argazkia: GRI Zestoako GRI Castings | Argazkia: GRI

GRI Castings enpresak Zestoako lantegia itxi egingo duela jakinarazi du, eta bertan lanean diharduten 61 langile kaleratzeko erregulazio espediente bat aurkeztuko duela. Azken zazpi urteetako “galera handiak” medio hartu du ixteko erabakia zuzendaritzak, eta lanean jarraitzea dagoeneko “bideraezina” dela arrazoitu du.

GRI Castingsek eolikoen sektorerako eta automoziorako piezak ekoizten ditu, baina azken urteetan “ekoizpen arazo larriak” izan dituela jakinarazi du. Arazo horien artean leudeke, haize errotentzako tamaina jakin bateko piezak egiteko zailtasunak, edota autogintza sektorean dagoen lehia gogorra.

Enpresak jakitera eman duenez, langileen ordezkariekin bilerak egiten ari dira, itxieraren inguruko xehetasun guztien berri emateko. “Akordio egoki bat” lortzen ahaleginduko direla gaineratu du.

ELA sindikatuak gaitzetsi egin du zuzendaritzaren erabakia, eta langileei babesa emateko eskakizuna luzatu die erakundeei. Taldeak emandako argudioek “euskarririk ez” dutela dio sindikatuak, eta arrazoitzen duen “ezintasuna aldi baterako enplegu erregulazioa” dela esan du, 2022ko irailean Donostiako epaitegi batek “baliogabetzat jo zuena, justifikaziorik gabea izateagatik”.  

GRI Castings Garai batean TS Fundaciones zena da. 2014ko ekainean itxi zuten orduan ere ekoizpen arazoak zirela eta, 85 langile kaleratuz. 2016an ireki zuten berriro ere enpresa, oraingoan GRI Castings izenpean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK