• ENPRESAK GAUR
  • Zintruenigoko EPER taldeak Codesal enpresa galiziarra erosi du

Zintruenigoko EPER taldeak Codesal enpresa galiziarra erosi du

Iaz Galiziako beste bi enpresa erosi zituen talde nafarrak. Stellum Growth kapital pribatuko sozietatea taldearen jabetzan sartu zen 2023an, hazkunde estrategian laguntzeko asmoz

EPERen egoitza Zintruenigon (Nafarroa) | Argazkia: VK
EPERen egoitza Zintruenigon (Nafarroa) | Argazkia: VK
2025eko uztailaren 11a - 10:00

Zintruenigoko (Nafarroa) EPER konpainiak Galiziako Talleres Mecánicos Codesal enpresaren %100 eskuratu berri du. EPER sektore eolikorako edota ontzigintzarako egitura eta tresna metalikoak eta galdaragintza soluzioak ekoizteaz arduratzen da, eta dibertsifikazioa estrategia batean dabil murgilduta.

 

Estrategia horren emaitza izan da erosketa hori, azken urteetan Galizian egindako beste bi eragiketari gehitzen zaiona. Izan ere, iaz TMG eta Insder enpresak eskuratu zituen talde nafarrak. 

Dibertsifikazio eta hazkunde horretan, Stellum Growth funtsaren laguntza izan du EPERek. Stellum Capital taldeko funts hori 2023an sartu zen talde nafarraren jabetzan, Amixalan enpresa talde nafarrarekin batera.

 

Operazio honi esker, Zintruenigoko konpainiak lau ekoizpen planta izango ditu aurrerantzean, 200 laguneko lantaldea osatuko du eta 32 milioi euroko fakturazioa bilduko. 18.000 metro karratuko industria nabea izango du, eta beste 25.000 metro karratu logistikara bideratuko dira. Besteak beste, Siemens Gamesa, Vestas, GE, Nordex, Windar, Navantia, Urovesa, Liebherr eta Atlas Copco enpresak ditu bezero EPERek.

Codesal-ek Coruñan du egoitza eta 40 urte baino gehiago daramatza osagai metalikoen fabrikazioan. "EPER taldean sartzeak industria garapen eta proiektu handiagoetarako aukera berriak irekitzen dizkigu. Bikaintasunarekin, berrikuntzarekin eta gure bezeroekiko hurbiltasunarekin dugun konpromisoa bere horretan mantentzen dugu, sendotasuna eta anbizioa duen talde baten babesarekin. Oso ilusionatuta nago etapa berri honen buru izaten jarraitzeko", adierazi du Raul Amado Galiziako enpresako gerenteak.

Borja Aroca EPER taldeko zuzendari nagusiak, bestalde, adierazi du Codesal erostea "urrats handia" dela euren industria estrategian. “Espezializazio handiko konpainia da Codesal, lantalde tekniko aparta du eta ospe handia du oso zorrotzak diren sektoreetan. Eragiketa horri esker, gure gaitasun teknikoa handitu dezakegu, eta hazten jarraitu, epe luzeko ikuspegi jasangarri batekin”.