Zorra amortizatzeko bonuen jaulkipen bat gauzatu nahi du Eroskik

Kooperatibak ezohiko batzarra burutzeko deialdia egin du, eta Kontseilu Errektoreak bonuen jaulkipenaren proposamena egingo du bertan

Donostiako Eroski denda bat | Argazkia: Eroski Donostiako Eroski denda bat | Argazkia: Eroski

Eroski S Coopeko Kontseilu Errektoreak bonuen jaulkipen bat onartzeko eskaera egingo dio kooperatibako Batzar Nagusiari. Finantzaketa tresna gisa erabili nahi da jaulkipena. Beste finantza iturri batzuekin batera, kooperatibak egun duen finantzaketa akordioko betebeharrei erantzun ahal izateko. Hala, ezohiko batzarra burutzeko deialdia egin dute gaur, eta datorren urriaren 10ean elkartuko dira Elorrion. Eroskik jakinarazi duenez, bonoen jaulkipena gehienez 600 milioi eurokoa izango da.

Batzar Nagusiak proposamena onartuz gero, kooperatibak zorra amortizatzera bideratuko luke lortutako finantzazioa. Horretarako, bi epemuga ezarri dituzte: 2024ko uztailaren 31 baino lehen 503 milioi euro amortizatu beharko ditu, eta 2027ko uztailaren 31 baino lehenago beste 200 milioi euro.

Eroskiren zorrak behera egin du azken urteotan. Iazko ekitaldian, 44 milioi eurotan gutxitu zuen, eta 858 milioi eurotan geratu zen aurtengo lehen seihilekoaren amaieran. Kooperatibaren arabera, 2009tik, 2.514 milioi eurotan murriztu du zorra, %75ean txikitu du, hain justu ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK