Zubietako (Gipuzkoa) erraustegian sute bat izan zen pasa den asteazkenean. Hondakin-birrintzaile baten barruan hasi zen larrialdia, goizeko 10:30ak aldera, eta langile batzordeak jakinarazi duenez, zuzendaritzak langileak bidali zituen sua itzaltzera.
Beharginek suhiltzaile lanak egin behar izan zituzten, ez ordea suhiltzaile profesionalen baliabideekin. Izan ere, batzordeak kontatu duenez, sutea itzaltzeko sute-ahoak ez zeuden erabilgarri, eta langileentzako ekipamendu egokirik ere ez zegoen. Hala ere, ura mangera sinple batekin sua itzaltzera bertaratu ziren langileak.
Ondorioz, bederatzi langilek ke toxikoa arnastu zuten eta osasun zerbitzuek artatu behar izan zituzten. "Kez pozoitu" ziren, batzordearen hitzetan, babes faltagatik. Gauzak horrela, enpresaren "diruzalekeria" salatu dute langileen ordezkariek, adierazi nahian enpresak beharginak babestu beharrean fakturazioa lehenesten duela. "Ohiko praktika arduragabea da Ekobal —hala du izena enpresak— plantan sua dagoen bakoitzean, langileak sua amatatzera bidaltzea, babes ekipamendurik gabe. Makineria eta fakturazioa planta egunero aurrera ateratzen duten pertsonen osasunaren, osotasunaren eta bizitzaren gainetik daude", diote ordezkariek.
"Berehalako ikerketa" exijitu dute gertatutakoa aztertzeko eta erantzunkizunak argitzeko. Era berean, datorren astelehenean 13:00etan elkarretaratzea egingo dutela jakinarazi dute, erraustegiko sarreran.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta