• ENPRESAK GAUR
  • Zumaiako Muina jatetxea aitortu dute Eroski-BCC Onena sariek

Zumaiako Muina jatetxea aitortu dute Eroski-BCC Onena sariek

Rocío Maeso eta Ander Rodríguezen proiektuak jaso du 2026ko hiru sarietako bat

Eroski-BCC Onenak 2026ko sarituak | Argazkia: Eroski
Eroski-BCC Onenak 2026ko sarituak | Argazkia: Eroski
2026ko azaroaren 6a - 18:25
Eg. 2026ko azaroaren 6a - 18:38

Urtero lez, Eroskik eta Basque Culinary Centerrek azken honetako ikasle ohiek martxan jarritako hiru egitasmo saritu dituzte. Aitortza jaso dutenen artean izan dira Rocío Maeso eta Ander Rodriguez, biak ala biak Zumaian (Gipuzkoa) kokatutako Muina Jatetxearen sustatzaileak, 2025ean ateak zabaldu zituena. 

 

Muina "proiektu integral" gisa ulertzen dute Maesok eta Rodriguezek, zeinetan elementu guztiek —produktuak, kalitateak, nortasunak...— elkarrekin egiten duten aurrera norabide batean. Sasoiko eta tokiko sukaldaritza dute erroan, eta tokian tokiko ekoizleekin oso gertutik lan egiten dute.

Haiekin batera, Isabel Chozas Cadizko Salinas Santa Teresa proiektuaren sukaldari eta sortzaileetako bat eta David Cordobés AC Cakesen sortzaileetako bat ere saritu dituzte Eroski-BCC Onenak 2026 sariek. 

 

Aitortzen 13. edizioa izan da aurtengoa, eta haien helburua da BCC alumni komunitateko kideen proiektuei laguntzea. Zehazki, elikadura eta gastronomia
ulertzeko modua eraldatzen ari diren egitasmoetan jarri nahi dute fokua, bereziki tokian tokiko produktuaren erabileraren, jasangarritasunaren, eta berrikuntzarekiko konpromisoaren aldeko apustuetan.

Azken horrek zerikusi handia du Rosa Carabel Eroskiko CEOak sari-banaketa ekitaldian azpimarratu duenarekin: «Eroskin uste dugu elikaduraren etorkizuna hiru zutabe handiren gainean eraikitzen dela: berrikuntza, iraunkortasuna eta tokian tokiko produktuaren bultzada". Bere aldetik, Vicente Atxa MUko Errektoreak adierazi du: "Rocíok, Anderrek, Isabelek eta Davidek erakusten dute gastronomiatik ekintzailetzari ekin dakiokeela, nortasunarekin, tokian tokiko produktuarekin eta lurraldearekiko konpromisoarekin".

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain