Anton Arriola Boneta izango da Kutxabankeko presidente berria

Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak aho batez onartu du bere izendapena. Europako Banku Zentralaren aldeko txostenarekin, joan den uztailean proposatu zuten bere presidente izendapena

Anton Arriola Kutxabankeko presidentea | Argazkia: Kutxabank Anton Arriola Kutxabankeko presidentea | Argazkia: Kutxabank

Kutxabankeko presidente berria izango da Anton Arriola Boneta, Administrazio Kontseiluak aho batez onartu baitu bere izendapena. 2014ko azaroaz geroztik ardura hori izan duen Gregorio Villalabeitia ordezkatuko du hala. Kutxabankek ohar bidez jakitera eman duenez, bankuaren kaudimen-maila altuari eusten jakin du Villalabeitiak, errentagarritasuna eta iraunkortasuna areagotu, digitalizaziora hurbildu, eta bezeroari hurbiltasuna eskaintzearekin batera.

Arriolak finantza zerbitzua aro berri batean proiektatzeko helburuarekin hartu du presidente kargua, funtsean digitalizazioaren aurrerapen-beharrak eta bezeroen eskakizunak asebetetzeko. Era berean, kontseilarien konfiantza eskertu du, eta goraipatu egin du "Kutxabankek duen etorkizun oparoa, egungo egoera geopolitikoak ekar ditzakeen zailtasunen gainetik". "Etorkizun hori posible egiteko erakunde handi honen talde osoaren gaitasun eta konpromisoan konfiantza osoa daukat", gaineratu du. Kutxabankeko presidente berriak eta Kontseiluak Gregorio Villalabeitiari eskerrak eman dizkiote azken zortzi urteotan egindako lanagatik.

Anton Arriola Boneta

Anton Arriola Boneta (Durango, 1967) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Deustuko Merkataritza Unibertsitatean eta Enpresen Administrazioko Masterra (MBA) du Milango Bocconin. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta italieraz hitz egiten du.

Goldman Sachs Ipar Amerikako inbertsio bankuan lan egin zuen 1992 eta 2009 urteen artean. 2003an zuzendari nagusi izendatu zuten (managing director). Londresen bere ibilbidea nazioarteko proiektuetan egin ondoren, Espainia eta Portugaleko Fusioetako eta Erosketetako arduraduna izan zen, Espainia eta Portugalgo Inbertsio bankuaren zuzendarikidea eta Goldman Sachs Españako kontseilari delegatua. Ondoren, Bat-egiteetan eta Erosketetan aholkularitza zerbitzuak eman ditu bere kabuz.

Horrez gain, Atitlan Capital, Tagua Capital eta Sherpa Europa zigiluetan administrazio kontseiluetako kidea izan da, baita Banco Etcheverría eta Condesako aholkularitza batzordeetakoa ere. Bere izendapenera arte, BBK Fundazioko eta Lealtad Fundazioko Aholku-kontseiluko kidea izan da.

IEko (Instituto de Empresa, Madril) irakasle elkartua Enpresa-balorazioa eta Bat-egiteak eta Eskuraketak arloetan, jarduera garrantzitsua izan du literaturan eta hainbat eleberri ere argitaratu ditu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK