Arrisku sariak: denbora luzez ahaztuta izan eta gero, kezka iturri berriro

Testuinguru ekonomiko ezkorrak, eta tasak igotzeko Europako Banku Zentralaren iragarpenak estatuen zor-publikoaren interesen gorakada ekarri du, eta bi mailako Europa berriz ere agerian utzi du

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

2021. urtea itxaropentsu bukatu zuten Europako agintari nagusiek. Koronabirusaren pandemiak ekonomia astindu ostean ekonomiaren suspertzea abian zegoen, sendo gainera. Estatu gehienek pandemia aurreko zifretara bueltatzea lortu zuten. Gehienak bai, baina denak ez. Espainiak, esaterako, %5,1eko hazkundea izan zuen iaz. Hazkunde nabaria, 21 urtetan izan den handiena. Datu baliotsua iaz koronabirusak ezarri zituen murrizketak ikusita. Gorakada, baina, ez zen izan pandemiarekin galdutako BPG berreskuratzeko bezain indartsua. Italiak ere antzeko portaera izan zuen. Bere ekonomiak % 6,6 egin zuen gora 2021ean, Europako batez bestekoaren gainetik, baina 2020an % 9 egin zuenez atzera, ez zuen berreskuratu pandemia aurreko egoera. Frantziak portzentualki ez bazuen galdutakoa orekatu ere, termino absolutuetan bai. 2021eko bere BPGa pandemia aurrekoa baino altuagoa izan zen. 

Askotariko hazkunde mailak baziren ere, baikortasuna zen nagusi. Bazirudien mundu osoa astindu zuen 2008ko finantza-krisia eta 2012ko zor-publikoaren krisietatik Europa aldatuta atera zela. Duela hamar urte, Europak oso neurri zorrotzak ezarri zizkien laguntza behar izan zuten herrialdeei. Grezia izan zen, zalantza barik, murrizketa-politiken sufrimenduaren adibide garbiena. Beste herrialde batzuek ere troikaren erabakiak pairatu zituzten gizartean arrakala mingarriak eraginez.

Duela hamar urte, Europak oso neurri zorrotzak ezarri zizkien laguntza behar izan zuten herrialdeei

Gizarteak aldaketa politikoen bitartez egin zion aurre egoera horri. Suminduen mugimenduak isla izan zuen Europako plaza eta kale askotan. Parlamentuetan ere bai. Europako agintariek autokritika egin omen zuten, eta gogorrenek ere jarrera leundu zuten.

Pandemia eta elkarri laguntzea

Koronabirusak ekonomia hankaz gora jarri zuenean bestelako erantzuna eman zuen Europak. Inoizko inbertsiorik handiena adostu zuten estatuek. Negoziazio luze eta konplikatuen ostean, urte batzuk lehenago pentsaezinak ziren neurriak adostu zituzten. Estatu zorrotz eta ortodoxoenek ere argi berdea eman zieten Next Generation funts eta zor mutualizatua bezalako neurriei.

Neurri horiei esker Europak egitura ekonomikoa eraldatzeko hauspoa hartu zuen, eta ezinbestekoak ziren trantsizio ekologikoa eta energetikoak abian jartzeko estrategiak diseinatu zituzten. 2021. urtea, hortaz, baikor eta itxaropentsu bukatu zuten Europako herrialdeek. Bazen kezka iturri zen inflazioaren gaia. Pandemia zehar ekoizpen prozesuak moteldu ziren, eta ez zegoen eskaintza nahikorik suspertze biziak exijitzen zuen lehengai, osagai eta produktuen eskaera handia asetzeko. Itsas garraioa tentsionatu egin zen, eta hornidura kateetan arazoak agertu ziren. Eskari eta eskaintza jokoak, hortaz, prezioak igoarazi zituen, eta kezkatzen hasteko moduko inflazio datuak ezagutu zituen Europak. Behin-behineko arazoa zela sinetsita zegoen ekonomia, ekoizpen kateak abiadura hartu ahala konponduko zena. Ondo bidean, hilabete batzuetako arazoa behar zuen.

Prezioak gehiago igotzen badira Espainian beste toki batzuetan baino, erakargarritasuna galtzen dute Espainiako produktuek

Otsailean dena aldatu zen. Errusiak Ukraina inbaditu zuen, eta gerra etorri zen. 100 egun beteko ditu gerrak. Eragindako sufrimendua agerikoa da. Giza hondamendia eragin du bertako populazioan. Ondorioak, baina, urrunago ere igarriko dira. Errusia eta Ukraina munduko aletegiak izanda, elikadura krisia eragingo du gerrak, txirotutako herrialdeetan batez ere.

Egoerak inflazioa are gehiago areagotu zuen, eta azken hamarkadetan ezagutu gabeko tasak izan ditu Europak. Euroguneko datua maiatzean % 8,1era heldu da. Herrialdez herrialde aztertuta, baina, badira aldeak. Frantzian % 5,2koa izan da, Italian % 6,9koa eta Alemanian % 7,4koa. Espainian % 8,7koa da, baina % 9,6ra ere iritsi zen martxoan. Inflazio alde horrek lehiakortasun arazoak ekarriko dizkio ekonomiari. Prezioak gehiago igotzen badira Espainian beste toki batzuetan baino, erakargarritasuna galtzen dute Espainiako produktuek. 

Espainiako Bankuak bere aurreikuspenak aldatu ditu eta inflazioak eragin dezakeen atzerakadari zifra jarri dio. Ukrainako gerra luzatuko balitz eta Europak Errusiari erabateko blokeoa ezarriko balio inflazioak % 1,7 gora egingo lukeela aurreikusi du. BPGri dagokionez, aurreikusitako hazkundea % 2,4 murriztuko dela nabarmendu du. Atzo bertan Pablo Hernández de Cos Espainiako Bankuko Gobernadoreak inflazioaren eraginez "lehen baino txiroagoak garela" esan du.

Interesek gora

Europak inflazioari aurre egiteko neurri klasikoak erabili ditu, moneta politika aldatuz. Datorren urterako aurreikusita zegoen interes-tasen igoera aurreratu behar izan du. Uztailerako iragarri du Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko buruak igoerak. Urte bukaeran tasak positiboan egongo direla ere iradokitu du. Merkatuek aurrea hartu diote EBZri, eta tasak igotzen hasi dira. Erakuslerik nabariena euriborra da, banku arteko merkatuko erreferentzia nagusia. Urtebeterako euriborrak behea jo zuen 2021eko urtarrilean, - % 0,505era helduz. Duela bost hilabete, 2021eko abenduan, oraindik -% 0,502an zegoen. Maiatzean, aldiz, % 0,287ra igo da. Inoizko igoerarik azkarrena izan du. Goranzko joera ikusten dio merkatuak euriborrari. Epe laburrean % 1era iristeko aukera ez dute baztertzen hainbat analisi etxek.

Euriborra ez da interes tasen igoera igarri duen aldagai bakarra. Diru merkearen bukaerak inbertsiogileen irizpideak zorroztu ditu, eta dirua non inbertitu xehe aztertzen hasiak dira. Arriskua eta errentagarritasunaren arteko oreka aldatzen hasi da. Diruak segurtasuna eskatzen du, eta arriskua ordaindu behar da. Start-upen merkatua irizpide hori pairatzen hasi da. Ekintzaileek hasitako proiektuetarako inbertsioa moteldu eta murrizten hasi da. Enpresa handiek ere zor pribatua jaulkitzeko orduan interes altuagoak ordaindu behar dituzte.

Euriborra ez da interes tasen igoera igarri duen aldagai bakarra. Diru merkearen bukaerak inbertsiogileen irizpideak zorroztu ditu, eta dirua non ibertitu xehe aztertzen hasiak dira

Zor publikoaren merkatua ez da testuinguru honetatik kanpo gelditu, eta herrialdeek jaulkitzen dituzten bonuen prezioak igotzen hasi dira. Akabo diru merkearen sasoia. Agur zor publikoa tasa negatibotan jaulkitzeari. 

Espainiak, esaterako, 2020ko abenduan 921 milioi euro jaulki zituen 10 urterako bonuan -% 0,016ko tasan. Lehen aldiz Espainiak interesak kobratu zituen bere zorraren truke, ordaindu beharrean. Azken finantza-krisia eta gero Europak izandako jarrera aldaketak bere fruituak eman zituen. Joera hori 2021ean zehar mantendu egin zen. Izan ere, Espainiako Altxok Publikoak 2021ean zehar egindako jaulkipenen batezbesteko kostua negatiboa izan da. Datu historikoa, zalantza barik. Garai horiek, baina, ez dira berriro emango. Maiatzean izan da 10 urterako zorraren azken jaulkipena. Interesa % 2,046koa izan da. Urte eta erdi baino ez da igaro. Aldea nabaria da. Hamabi hilabetetarako letretan ere Espainiak berriro interes positiboak ordaindu behar izan ditu, bi urte eta gero. 

Estatuek zorra jaulkitzeari lehen mailako merkatua deritzo. Behin zorra jaulkita bigarren merkatura jo dezakete inbertsoreek bonoak salerosteko. Bigarren mailako merkatua deritzo horri eta egunez egun prezioak aldatzen dira. Bigarren merkatuetan herrialde ezberdinek jaulkitako 10 urterako bonuak eta Alemaniak jaulkitakoa alderatzen dira arrisku-saria kalkulatzeko. Alemania Europako herrialderik kaudimentsuena gisa hartzen da, seguruena. Arrisku-sariak, hortaz, herrialde seguruenarekiko aldea neurtzen du. 

Gauzak ondo joan direnean arrisku-sariak oso apalak izan dira. Inbertsiogileek ez zuten arazo handirik Espainia, Italia edo Greziako bonuetan inbertitzeko. Herrialde horien ordainketa gaitasunaren inguruko zalantzarik ez zegoen. Gauzak okertzen direnean, ordea, inbertsiogileak ez dira fio "hain seguruak" ez diren herrialde horietaz eta tasa altuagoak eskatzen dituzte bigarren mailako merkatuetan haien zorra erosteagatik. 

Herrialdeen arrisku-sarien arteko aldeak nabarmentzen hasi dira

Egoera ekonomikoari buruzko zalantzak areagotu ahala arrisku-sariak aldatu da. Europako estatuek euren zorrari aurre egiteko gaitasuna ez dute berdin neurtzen. Arrisku-sarien bilakaera ikustea baino ez dago:

Estatua

2022/06/01

2021/12/31

Frantzia 52 37
Herbehereak 29 14
Espainia 110 75
Italia 198 135
Grecia 245 146

 

Igoera nabaria da kasu guztietan. Mailei begira, ordea, aldeak hasi dira agertzen. Herbehereek eta Frantziak arrisku-sari jasangarria duten bitartean, beste herrialde batzuk kezkatzeko moduko mailara hurbiltzen hasi dira. 2008ko finantza-krisiak eragindako egoerak Europako hainbat estaturen arrisku-sariak astindu zituen, eta hainbatek erreskatea eskatu behar izan zuten. 2011-2012ko krisian, Espainiako arrisku-sariak 600 puntutako langa gainditu zuen. Gaur egungo egoera ezberdina da, eta arrisku-saria jasangarria da, baina maila desberdineko Europa berriro ere agerian jartzen ari da.

Galdera da noraino eutsi ahal diote hainbat herrialdek tasen igoerari. Maila batetik aurrera, zor publikoak jasangarria izateari uzten dio. Bi aldagai hartzen dira aintzat: zorraren zenbatekoa eta ordaindu beharreko interes-tasak. Merkatua dagoeneko hasi da herrialdeen arteko aldeak nabarmentzen, eta Espainia, Grezia eta Italia bezalako herrialde 'periferikoen' jasangarritasuna kezka iturri bihurtu daiteke. 

Europako agintarien artean kezka egon, badago. Joan den hilabetean, Luis de Guindos EBZko presidenteordeak onartu zuen finantza-zatiketa "kezkagarria" dela erakundearen "moneta-politikaren transmisioan eragina izan dezakeelako".

Goldman Sachs analisi etxeak kalkulua egin du herrialdeen finantza publikoen jasangarritasuna ezbaian egon daitekeen maila ezartzeko. Egindako azterketaren arabera Italia da herrialderik zaurgarriena. Gaur egun inbertsiogileek % 2,5eko interes-tasa eskatzen diote 7 urteko epemuga duten bonuei. Zaurgarritasun muga % 2,75ean kokatu du Goldman Sachsen azterketak. Tarte estua, hortaz.

Espainiari dagokionez, % 5,5eko langan ezarri dute bere zorraren jasangarritasuna. Ibilbide luzea dauka, beraz, Espainiak, 7 urterako bonuek gaur egun % 1,75eko tasa dutelako. Portugalen kasuan langa % 5,25ean dago. Greziaren kasua da deigarriena, marra gorria % 6an kokatu diotelako. Aurreko finantza-krisian, Greziak bere zorra berregituratu behar izan zuen, eta oso muga egun luzeak negoziatu zituen. Aipatutakoak lasaitasuna ematen die bere finantzei.

Ondorioa argia da. Europako herrialdeen arteko aldeak nabarmentzen hasi badira ere, ez dago, gaur gaurkoz, kezkatzeko motiborik. Italia da, hori bai, salbuespena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK