Aurreikuspenak aurreikuspen

2023an iragarritakoak ez dira guztiz bete

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Philip Tetlock psikologo kanadarrak ekonomia eta geopolitikazko gertaeren aurreikuspenei buruzko ikerketa bat hasi zuen 2011n. Aditu eta inteligentzia erkidegoetan ardura sortzen zuten gertaerei buruz aurreikuspenak egin, eta proposatu zuen torneoa balitz bezala urtero aurreikuspen hori epaitu eta besteen emaitzekin alderatzea.

Aditu eta amateurrak barne, 20.000 lagunek hartu zuten parte modu askotan: batzuk estatistikan trebatuta; besteak taldeetan, bakarka…. Helburua zen etorkizuna aurreikusteko erarik hoberena bilatzea. Emaitzarik aipagarriena: banan-banakako talde baten aurreikuspenak, perfektuak izan ez arren, beste ohiko iragarleak baino hobeagoak bilakatu ziren; “superiragarle” izena eman zion Tetlockek.

Zelako ezaugarriak izan behar dituzte “superiragarleek”?

Lehenengokoa, alor bakoitzean aurretiko trebakuntza bat izatea lagungarria izan zen. Ordu bakar bateko oinarrizko estatistikan aurretiazko prestaketek aurreikuskatzaileen emaitza hobetzen zuen, eta gehien laguntzen omen zuen gakoa honako gomendioa zen: “oinarrizko ratioetan” fokua jartzeka.

Daniel Kahnemanek Ekonomia Nobel saridun psikologoak bitan banatzen ditu oinarrizko ratioak: kanpo ikuspegia eta barne ikuspegia. Kanpo ikuspegiak ikuspegi zabalago bati erreparatzea galdatzen du; barne ikuspegiak zure parean dagoen kasu espezifikoa. Iragarleak kanpo eta barne ikuspegiak uztartu behar ditu, eta komenigarriagoa da estatistikoki kanpo ikuspegitik hasi eta norbanako esperientziaren arabera moldatzea.

Iragarleak kanpo eta barne ikuspegiak uztartu behar ditu, eta komenigarriagoa da estatistikoki kanpo ikuspegitik hasi eta norbanako esperientziaren arabera moldatzea

Bigarrena, lortutako emaitzen historiko bat gordetzea inportantea izan zen; gogoratzea aurretiko aurreikuspenak baliozkoak edo okerrak izan ziren. Hirugarrena, superiragarleek euren aurreikuspenak sarri eguneratzen zituzten informazioa berria agertzen zen heinean.

Laugarrena, aurreikusteko garrantzitsua da ikuspegi irekikoa izatea. Superiragarleentzat sinismenak testatu behar diren hipotesiak dira, ez gorde beharreko altxorrak. Pentsamoldea aldatzeko ahalmena suposatzen du.

Zein akats egiten dira aurreikuspenetan inbestitzerako orduan?

Ironikoki, lehen arazoa da norberaren hutseginkortasunaren ebidentzia ez izatea, ibilbide oparoa izanagatik ere. Bigarrena, iragarpen oso publikoak egitea: nahiz eta miresgarria izan adierazten duen konpromisoagaitik, arriskutsua da, eta zenbat eta perfil publikoagoa izan, orduan eta zailagoa da iritziz aldatzea. Hirugarrena da pentsatzea etorkizuna, azkenean, ezaguna dela. Keynesek esaten zuen epe luzeko aurreikuspenei buruz: “gertaera horiei buruz ez dago oinarri zientifikorik edozein probabilitate kalkulu bat ezartzeko.”

12 hilabete igaro dira estrategek eta merkatu analistek 2023rako akzioetan jaitsierak aurreikusten zituztenetik (lehenengo aldiz mende honetan). Akzio merkatuen bilakaera guztiz ausazkoa ez baldin bada, ia guztiz bada. 12 hilabeterako merkatuen zoria asmatzea ia ezinezkoa da, baina analistek ezkortasunerako arrazoiak aurkitu zituzten eta urtearen joanean okerrak izan direla dirudi. Ze akats izan zituzten aurreikuspenetan?

Orokorrean, interes tasen igoera bortitza zela eta, atzeraldi bat espero zen eta AEBn behintzat ez da gertatu. Munduko beste ekonomia nagusiek, ostera, aurreikuspenen atzetik arrastratu dira.

(Koadro honek adierazten du aurretik zegoen BPG kontsentsuarekiko egin diren zuzenketak aurtengo 3. hiruhilabeteraino)

Iturria: Deustche Bank/Bloomberg Finance
Iturria: Deustche Bank/Bloomberg Finance

Aurreikuspenetan ez asmatzeko arrazoiak

Hiru arrazoi nagusi identifikatu ditzakegu. Batetik, kontsumitzaileen ustekabeko portaera. AEB eta gainerako munduaren arteko ezberdintasun kritikoa da puntu hori. Garatutako ekonomietan pandemia garaian gobernuek egin zituzten ordainketa eskuzabalen ondorioz aurrezpen gehiago egon da kontsumitzaileen eskuetan. Amerikarrek, baikortasun halo baten barruan, aurrezpen horren zati handiago bat gastatu dute gainerantzekoekin alderatuta.

Bestetik, pandemia osteko lan merkatua. Enpleguaren eta lanpostu hutsuneen arteko zuzeneko erlazioa izan da historikoki; hau da, goranzko langabezi tasek betetzeko dauden lanpostuen jaistea ekartzen zutela. Momentu honetan, aurreko esperientziarekin alderatuta, badirudi oraingo langabezia mailan (txikia) lanpostu hutsune gehiago daudela. Pandemia ostearen ondorio da. Urteko sasoi honetan badirudi enpresak ez daudela pertsona gehiago kontratatzeko aldartean, eta enplegu jaitsiera baino, soldaten igoeren moderazioa eta lanpostu hutsuneen jaitsiera gertatzen ari dela AEBn.

Egia baldin bada interes tasak luzerako mantenduko direla (azken asteetan nagusitu den ustea da ez direla hain luzerako izango) helduko da momenturen bat estutze hori gertatuko dela

Azkenik, 2021eko zero interes tasen luzerako ondorioak. Enpresa handiek 2020 eta 2021eko epe luzerako zorra interes finko eta txikietan negoziatzeko aukera izan zuten eta, beraz, egungo interes tasa altuek sortu nahi duten estutzeak ez du aurrekoen eraginik izan. Egia baldin bada interes tasak luzerako mantenduko direla (azken asteetan nagusitu den ustea da ez direla hain luzerako izango) helduko da momenturen bat estutze hori gertatuko dela. Atzeraldi forman? Soft landing bezala? Aurreikuspenak aurreikuspen…

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK